Ibon Guridi: "Jendearen laguntza indar bihurtu, eta txiki izanik Bartzelona handia garaitzera goaz"

Maialen Etxaniz eta Urtzi Oteiza 2021ko urt. 29a, 12:00

ISBren gizonen talde nagusiak historia egiteko aukera du beste behin. Juaristi ISB taldeak Zilarrezko LEB Kopako finala jokatuko du bihar FC Barcelona taldearen aurka, Bartzelonan. Finalaren atarian solastu da Ibon Guridi (Azpeitia, 1992), harrobiko kirolari eta uneotan Juaristi ISBren kapitaina. "Ilusioz beteta, indartsu eta kopa etxera ekartzeko gogoz" daudela dio azpeitiarrak. 

"Talde sorpresa" izan zaretela diote urteko kirol kronikek. Nola baloratzen duzu Juaristi ISBk egindako denboraldia?

Denboraldi aurretik hasita, ederki joan da aurtengo sasoia. Taldeko kide ia denok elkar ezagutzen genuen, eta etorri diren jokalari berriak ere ondo egokitu dira taldera. Pixkanaka-pixkanaka, denboraldiak aurrera egin duen heinean, taldea gauza berriak probatzen eta hobetzen joan da, eta une honetan egoera onean gaudela esan daiteke. Nahiz eta azken bi partidak galdu, sentipen oso onak ditugu.

Bigarren urtez jarraian iritsi zarete Zilarrezko LEB Ligako kopako finalera. Espero al zenuten halakorik?

Azpeitiko eta Azkoitiko taldea da ISB, eta herri txikietako taldea izanik, ez dugu sekula halako helbururik jartzen. Beste asmo batzuei lotutako taldea da gurea, baina azken bi urteotan, lana ondo egin delako edo taldeak erakutsi duen jarreragatik, final horietara iristea lortu dugu, eta hori sari gisa hartzen dugu; orain arte ondo egindako lanaren sari gisa. Finalera bi urtez jarraian iristeak badu beste esanahi bat ere, nire ustez: etxeko jokalariek garrantzi handia dutela adierazten du; izan ere, beste jokalari batzuk aldatu dira, iaz zeuden batzuk aurten ez daude edo aurten dauden batzuk ez zeuden iaz… Horregatik, etxeko jokalarion multzoak balio erantsia edo esanahi berezia du niretzat.

Nola ikusten duzu taldea finalaren atarian?

Ilusioz beteta gaude. Gainera, badakigu Bartzelona handia izango dugula parez pare, eta hori gehigarri bat da. ISB bezalako talde txiki batentzat zirraragarria da Bartzelona handiaren kontra jokatzea, txikiak handiari irabazi ahal izatea. Oso talde gogorra izango dugu aurrez aurre; hainbat jokalari Bartzelonaren lehen taldearekin entrenatzen eta jokatzen ari da, Europako talde onenetariko batekin. Hala ere, guretzako, herrian hazitako jendearentzat, oso berezia da finalera iristea. Ilusioz gaude, indarrez beteta eta kopa etxera ekartzeko gogoz.

Iaz Azpeitiko kiroldegia jendez lepo zegoela jokatu zenuten kopako finala, etxean eta primerako giroarekin. Aurten, aldiz, ez da jenderik izan harmailetan ia denboraldi guztian zehar. Ba al duzue gogorik harmailak jendez beteta ikusteko?

Egia esan, triste samarra izan da aurtengo denboraldia. Guztiontzat izan da tristea, baita kirol klubentzako ere. Harmailak hutsak ikusteak beti ematen dio tristura puntua kirolari; izan ere, kirola zerbait baldin bada, osasuna eta ikuskizuna da. Alde horretatik, oso triste gaude. Denboraldi ona egin eta jendeak hori zuzenean bizi ezin izanak tristura sortzen du. Finala ere ateak itxita jokatuko dugu, eta beraz, azken denboraldian Azpeitian bizitakoa berriro errepikatzea ia ezinezkoa izango da. Izugarrizko giroa egon zen iazko finalean, oilo ipurdia jartzeko modukoa izan zen… Dena den, nahiz eta aurtengoan ikuslerik ez den izango, badakigu jendeak babesten gaituela, etxetik ikusiko gaituela. Gaur egungo egoeran,tristura orokortua den garaiotan, ilusio puntua ematen duten gauza guztiak positiboak direla pentsatzen dugu. Beraz, etxetik jarraituko gaituzten horiengatik, dena ematera irtengo gara.

Talde txikia final handira iritsi da, eta hori ordaintzeko laguntza kanpaina jarri zuen martxan ISBk. Nolako harrera izan du kanpainak?

Erantzun bikaina izan du; herritarrek nahiz enpresariek beren alea jarri dute klubari laguntzeko. Egoera zaila da denontzat, negatibitatea da nagusi, gaitzarekin nekatuta gaude… Baina badirudi finalak jendeari ilusio pixka bat piztu diola, erantzun oso ona jaso baitugu. Jendearen laguntza indar bihurtu, eta txiki izanik Bartzelona handia garaitzera goaz.