Iraupen Eskiko Euskadiko Txapelketa irabazi du Alaia Juaristik

Anartz Izagirre 2021ko urt. 26a, 11:09
Alaia Juaristi, Linzan jokatutako Espainiako Kopako proban. (Neguko Kirolen Euskal Federazioa)

Joan den asteburuan jokatu zen txapelketa Larra-Belagua (Izaba, Nafarroa) eski estazioan, eta 18 urtez azpiko mailan estilo librean zein teknika klasikoan lehen postua erdietsi zuen Juaristik.

Garaipen gozoa eskuratu zuen Alaia Juaristik joan den asteburuan Iraupen Eskiko Euskadiko Txapelketan. Larra-Belagua (Izaba, Nafarroa) eski estazioan Euskadiko, Nafarroako eta Aragoiko Txapelketak jokatu zituzten, eta azpeitiarrak lehen postua erdietsi zuen 18 urtez azpiko mailan estilo librean zein teknika klasikoan.

Egun eta leku berean, Iraupen Eskiko Espainiako Kopako bigarren proba jokatu zuen Juaristik, eta han ere lehen postua eskuratu zuen estilo librean. Bestalde, Linzan (Aragoi, Espainia) jokatu zen kopa horretako lehen proba, eta handik ere ez zen esku hutsik bueltatu azpeitiarra; izan ere, 18 urtez azpiko mailan esprint klasikoan zein estilo librean lehen postua eskuratu zuen.