Koronabirusa Azpeitian

Azpeitiko ostalariok herritarrei babesa eskatu nahi diegu

Azpeitiko ostalariak 2021ko urt. 22a, 12:58

Azpeitiko ostalariek idatzitako gutuna da honako hau. Aurrerantzean egingo dituzten mobilizazioetarako "herritarren babesa" eskatu dute.

Herri maitea.

Ez dira garai onenak guretzat, COVID-19aren ondorio larriak jasaten ari gara, eta ikusten dugu inor ez dela gogoratzen gurekin. COVID-19a gure artean denetik hamar hilabete pasatu dira, eta horietatik bost hilabete gure bizibide diren negozioak itxita izan ditugu.

Bestalde, egoera honen aurrean bakarrik sentitzen gara, bai gizartearen aurrean, baita erakunde publikoen aurrean ere. Ikusten duguna da ez digutela jaramonik egiten, itxita eduki ditugun negozio hauen atzean gauden ehunka familia egoera oso larrian egon arren, eta berdin zaiela. Eta bakardade sentsazio hori areagotu egiten zaigu gure sektoreari benetako laguntzak eman beharren limosnak ematen dizkigutela ikusten dugunean.

Horren aurren, mobilizazio desberdinak egiten hasi ginen astero (kontzentrazioak, manifestazioak, kotxe karabanak, eta abar), baina idatzi honen bidez herritarren babesa eskatu nahi dugu, gure eskaerek indar gehiago izan dezaten. Horrela, astero egiten ditugun protestetan parte hatzera animatu nahi ditugu herritarrak. Hemendik aurrera egingo ditugun protestak bi egun aurretik jakinaraziko ditugu Uztarria bidez, eta herritar oro animatu nahi dugu parte hartzera.

Aldez aurretik eskerrak emanez, agur bat.