Sansebastianak 2021

Hainbat emakumek biharko ekitaldirako entsegua egin dute

Julene Frantzesena 2021ko urt. 18a, 18:50
Gaurko entseguko irudi bat.

Bihar, San Sebastian bezpera, estreinatuko dute Amamaren danborra dokumentala Soreasu antzokian. 19:00etan hasita, ekitaldia egingo dute, eta ondoren emango dute ikus-entzunezkoa. Ekitaldian parte hartuko duten hainbat emakumek entsegua egin dute gaur. Biharko ekitaldia zuzenean ikusi ahalko da Uztarria.eus-en.

Bihar, San Sebastian bezpera, estreinatuko dute Amamaren danborra dokumentala, bihar beteko baitira 40 urte emakumeak lehen aldiz Azpeitiko danborradan atera zirela. 19:00etan hasita, ekitaldi bat egingo dute Soreasu antzokian, eta han parte hartuko dute danbor talde desberdinetako 40 emakumek. Hain zuzen ere, horietako batzuk entsegua egin dute gaur, astelehena.

Ekitaldi hori eta dokumentala Uztarria.eus-en ikusi ahal izango dira bihar, 19:00etan hasita. Dena den, horretarako aukerarik ez dutenek izango dute dokumentala ikusteko aukera datozen egunetan; izan ere, etzi, San Sebastian eguna, hiru emanaldi izango dira Soreasun –12:00etan, 16:00etan eta 19:00etan–, eta hilaren 23an zein 25ean ere emango dute dokumentala (19:00etan). Saio horietako sarrerak honako lotura honetan eskura daitezke, doan.