Sansebastianak 2021

"Lan hau duela hogei urte egin behar izan bagenu, ziurrenik dezente zailagoa zatekeen prozesua"

Julene Frantzesena 2021ko urt. 17a, 10:10
Paola Moto dokumentalaren zuzendaria eta Alaitz Olaziola gidoigilea.

Amamaren danborra dokumentalak asteartean ikusiko du argia, emakumeak danborradan atera zirela 40 urte betetzen diren egunean. Paola Motok (Azpeitia, 1994) eta Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975) ondu dute lana pasioz, eta horiek 22 elkarrizketatuen kontakizunetan jarri dute arreta: "Nahiko genuke herritarrek beren buruei galderak egitea, hau da, norbera non kokatzen den galdetzea".

Nolatan egin duzue dokumentala?

Paola Moto: Udalaren eskaera izan zen; udalarena da proposamena eta ideia. Teknikari bila zebiltzan, eta gurekin jarri ziren harremanetan.

Alaitz Olaizola: Paola da lanaren zuzendaria eta ni gidoilaria.

Nolakoa izan da lana osatzeko prozesua?

P.M.: Alaitz eta biok bilera dezente egin genituen hasieran, bai dokumentazio lanerako, gidoia idazteko, fikzioa eransteko... Dokumentalean hitz egingo zuten herritarren bila hasi ginen, zerrenda osatu genuen udal ordezkariek lagunduta, eta dokumentaleko testigantza errealak jaso ditugu horien eskutik. Elkarrizketa horiez gain, fikzio zatia grabatu genuen dokumentala osatzeko, eta artxibo irudiak ere baliatu ditugu.

A.O.: Lan beretsuak egiten aritu gara Paola eta biok; niri, adibidez, fikzio zatiaren gidoia idaztea eta elkarrizketatuentzat galderak prestatzea egokitu zitzaidan. Gero Paolak egin du produkzio lana, izugarria, eta bera denez zuzendaria, bere begietatik islatu da kontakizuna. Izan ere, ordu pila bat genituen grabatuta, eta nahi izatera hiru edo zortzi orduko dokumentala egin genezakeen. Bere lan garrantzitsuenetakoa izan da dokumentalean zer sartu, lanari zer enfoke eman eta abar erabakitzea, hau da, zuzendari batek hartzen duen rol hori betetzea.

P.M.: Lana batera egin dugu: elkarrizketa guztietan egon gara biok, fikzio zatia grabatzerakoan ere bai, nahiz eta bakoitzak bere rola zehaztuta izan. Prozesu guztia batera egin dugu, eta erabakiak ere biok hartu ditugu.

Zer jaso duzue dokumentalean?

P.M.: 50 minutuko dokumentala 22 herritarren istorioek osatzen dute. Lehen pertsonan bizipen errealak kontatzen dituzte protagonistek, eta danborradaren historia beharrean, emakumeek 40-41 urtean egin duten ibilbidea ikusten da; izan ere, aldaketa bat egon da. Adin eta genero desberdinetako 22 lagunek kontatzen dute hori guztia.

Eta zer du fikziotik?

A.O.: Hasieratik geneukan argi fikzio pixka bat izango zuela lanak. Oso zati txikia da, baina dokumentalari emozio karga ematen diola uste dut, bai irudi aldetik, bai esan nahi duenagatik. Dokumentala justifikatzen duen zatia da, nolabait. Gehiago ezin dugu kontatu.

Gai potoloa da dokumentalean jorratu duzuena: emakumea Azpeitiko danborradan. Zer izan da zuentzat gai hori lantzea?

P.M.: Gaia ez da zaila izan lantzeko. Egia da emozio uneak bizi izan ditugula; malkoak atera zaizkigu, barre egin dugu, parte hartzeko ezezko batzuk jaso ditugu... Ez da prozesu erraza izan, urtea bera ere ez delako erraza izan, baina denok oso inplikatuta geunden gaiarekin. Eskerrak eman nahi dizkiet lana osatu duten Yuri Agirre, Nora Alberdi eta Ander Mujika teknikariei eta elkarrizketatu guztiei, gauzak erraztu egin dituztelako.

A.O.: Lan hau duela hogei urte egin behar izan bagenu, ziurrenik dezente zailagoa zatekeen prozesua; errealitatea beste bat zen orduan. Baina orain, kakots arteko normaltasun horretara iritsi garenez –eta ez batzuk lan gutxi eginda, dokumentalean ikusiko denez–, atsegina izan da lana gauzatzea. 

40 urte dira Azpeitian emakumeak danborradan parte hartzen hasi zirela. Beste herri batzuetan emakumeen festa jakin batzuetako parte hartzea eztabaidarako eta ezinikusietarako arrazoia da.

A.O.: Guk inongo erreferentziarik egin gabe, elkarrizketatuek egin dizkiote Alardeari eta beste festa batzuei. Ez dugu konparaketarik egin nahi izan; inongo momentuan ez dugu "begira gu non gauden" esaterik nahi izan. Dokumentalean jaso duguna da Azpeitian zer gertatu den azken 40 urteetan. Dokumentalean ez dira elkarrizketatuei egindako galderak agertzen, baina bide ematen du ikusleei agertzen ez diren galdera horiei nola erantzungo lieketen pentsarazteko. 22 dira protagonistak, baina 15.000 izan zitezkeen.

P.M.: Bost lagunen artean egin dugu lana, eta hiru izan gara emakumeak. Dokumentalean jaso dena emakumeen ikuspuntutik kontatu nahi genuen, eta horregatik, protagonistetako gehienak ere emakumeak dira. Dokumentazio lana egin dugu, pertsona zehatz batzuen bila ere joan gara, eta protagonistek egin dizkiete keinuak beste herri batzuetako jaiei, baina ez gara horretan sartu. Izan ere, azken 40 urteetan emakumeek Azpeitiko danborradan egin duten ibilbidean zentratu gara.

Jaso dituzuen testigantza guztietatik, zer nabarmenduko zenuteke?

P.M.: Herritarrek duten ikuspuntu desberdina. Dokumentala kontrastez betetako testigantzez dago osatuta, eta niri horrek piztu dit arreta, onera gainera. Izan ere, asko gustatu zait 22 kontakizunetan gauza desberdinak entzutea. Nabarmenduko nuke herri bereko pertsonek festa beraz hitz egitean zer desberdin ikusten dituzten gauzak; askotan, gainera, adin beretsukoak direnean eta galdera berari erantzuten ari direnean.

A.O.: Horrek erakusten du norberak nondik bizi izan duen danborrada.

Urte xelebrea izan da oro har, baita halako lan bat egiteko ere. Zer moduz moldatu zarete?

P.M.: Gure asmoa zen apiril-maiatzerako elkarrizketak eginda izatea, bagenekien-eta grabazio ordu pila bat izanda, muntaiak eskatuko zuela lanik gehiena. Iazko danborradan irudiak hartu genituen, eta urte erdi bat eskaini nahi genion dokumentazio lanari eta grabaketa prozesuari, gero lasai aritzeko muntaketa lanetan. Konfinamendu aurretik aritu ginen lanean Alaitz eta biok.

A.O.: Zerotik hasi ginen: zer da Azpeitiko danborrada, nola egin dokumental bat... Ni dokumentalik egin gabe nengoen ordura arte, eta ez nekien gidoia nola egin behar zen, noiz egin behar zen... Dena zerotik hasi genuen, eta bat-batean konfinamendua.

P.M.: Dena aldrebestu zen. Harremanak egin behar genituen, giroa pixka gat goxatu, elkarrizketatuekin kafe bat hartu grabaketa egin baino lehen... Baina hori dena saltatu behar izan dugu. Iraila iritsi zen, eta 22 elkarrizketa genituen egiteko.

A.O.: Grabaketak atzeratzea gauza bat da, baina konfinamendu garaian ezin genion deitu elkarrizketatu nahi genuen herritar bati... Apirilean, etxean geundela, triste antzean, nola deituko genion ba grabatuko al genuen galdetzeko! Ez zen momentua.

P.M.: Ez, eta beldurra izan genuen. Izan ere, 2021eko urtarrilaren 19an egingo zen estreinaldia, bai edo bai. Presiopean ez, baina angustia pixka bat izan genuen.

A.O.: Halere, irailera elkarrizketak eta fikzioaren gidoia prestatuta iritsi ginen, eta gero aste gutxi batzutan egin genituen grabaketa guztiak. Oso ondo atera zen guztia. Zailena gero material guztia behin eta berriz ikustea, grabaketak blokeetan banatzea eta abar izan zen. Abentura bat izan da denontzat, erabaki asko hartu behar izan ditugu.

Halako lan bat egin duzuen lehen aldia da. Zer garrantzia du horrek zuentzat?

A.O.: Pausokatik eta, lehenagotik ezagutzen nuen zertxobait Paola, baina oso gutxi, eta niretzat plazer bat izan da berarekin lan egitea. Tetrix bat izan da gauzatu dugun lana, bakoitzak gaitasun eta indargune desberdinak genituelako. Horiek ondo nahastuta, gauzak txukun egiteko aukera bazegoen. Bestalde, enkargu batzuk jasotzen ditugu bizitzan, eta gehiago edo gutxiago denak maite ditugu, baina emakumea eta danborrada gaiak bazuen zerbait berezia. Guk edo beste batzuk egin, gaia jasota gelditzea ederra da, 22 lagunen testigantzen bidez herriak jakin dezan nola iritsi garen gauden lekura. Plazer bat izan da.

P.M.: Urte guztian zehar askotan eman dizkiot eskerrak Alaitzi, lan honetarako ondoan edukitzeagatik. Niretzat erronka bat zen lan hau. Lehen unetik esan nuen proiektuan parte hartuko nuela, gaiak interesa pizten zidalako. Zuzendari papera eman zidaten, busti egin behar izan dugu, dokumentatu egin behar izan dugu eta pila bat ikasi dugu. Lantalde oso ederra izan dugu, eta egia esan, plazer bat izan da. Eskerrak ematea besterik ez zait geratzen.

Emaitzarekin gustura al zaudete?

A.O.: Ni, bai! Baikorrak izan behar dugu, eta uste dut hori adinean aurre egiteak irakasten duela. Izan den moduko urtea izanda, izan ditugun gorabeherak kontuan hartuta, teknikariek, elkarrizketatuek eta antzezleek izan duten jarrera erabat txalogarria izan da. Emaitza dena da, beste bat izan zitekeen, baina ni pozik nago. Orain gustatuko litzaidake herritarrek zerbait ikustea dokumentalari.  

Zer harrera izatea nahiko zenukete?

P.M.: 22 elkarrizketatu horien erantzunetan identifikatzen ez badira, herritarrek beren buruei galderak egitea gustatuko litzaidake; hau da, nork bere buruari non kokatzen den galdetzea. Dokumentala zirikatzailea izatea nahi dugu.

A.O.: Badakigu herritar guztiengana ez garela pasio berarekin iritsiko, baina egin den lana egin den denboran eta egin den moduan egiteko, oso pozik gaude.