Film labur bat, telesail batera jauzi egiteko

Julene Frantzesena 2021ko urt. 14a, 09:03
'Pasaia' filmaren grabaketako irudi bat. (Glyn Jones)

Xanti Rodriguez eta Kamikaz kolektiboa Pasaia film laburra egiten ari dira. Dagoeneko egin dituzte grabaketak: astelehenean eta asteartean gauzatu zituzten, Azpeitian. Lantalde bat sortu dute filmerako, eta lan hori erronkatzat hartu dute, martxo aldean-edo telesail baten koprodukzioan murgilduko direlako.

Sormenak ez du mugarik herritar batzuentzat, eta horietako bat da Xanti Rodriguez. Argazkilaritzan trebea, zinemagintzan ere urrats ugari egin du azpeitiarrak azken urteetan. Geldirik egoteko ez zen jaio, eta beste lan bat du eskuen artean: Pasaia film laburra.

Joan zen azaroan Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean estreinatuko Ospel film laburrak izandako "emaitza ona" tarteko, lan hura egiten aritu zen taldea berriz elkartu da proiektu berriari eusteko. Dena den, beste lan baterako zubia izango da Pasaia filma, Rodriguezen arabera: "Filma egingo dugu, baina beste proiektu berri baterako prestatzeko erronka ere bada lan berri hau".

Iaz hasi ziren proiektuari forma ematen Xanti Rodriguez eta Kamikaz kolektiboa –Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola dira kideak–, eta haiekin batera ari dira lanean Rodriguezen estudioko lankideak, Aitor Goenaga kameralari azkoitiarra eta Santi Salvador soinu teknikaria. Rodriguezen arabera, "oso talde ona" osatu dute, eta gustura dagoela aitortu du. "Film laburra taldea sendotzeko ez ezik, telesailari bide emateko egingo dugu".

Dagoeneko egin dituzte grabaketak: astelehenean eta asteartean, hain zuzen ere. Azpeitian grabatu dute lana, hala nola Charles Chaplin tabernan, hilerriaren inguruko baso batean, Xanti Rodriguezen estudioan, Alberga atzeko kantoian... Aktore lanetan, berriz, Jabi Barandiaran aritu da. Eta grabaketan izandako anekdota bat ekarri du gogora zuzendariak.  "Albergaren atzean grabatzen ari ginela, min hartu zuela antzeztu zuen Jabik, eta bizilagunak laguntza behar al zuen galdezka hasi ziren balkoietatik eta", azaldu du barrez.

Rodriguezek aurreratu duenez, istorio "oso laburra" jasotzen du filmak, eta "beti bezala" fantasia ukitua izango du lanak: "Neuk idatzitakoa da gidoia. Komikigintzan ibiltzen naiz, eta horretarako sortutako istorio motz bat da filmean jasotakoa. Halako lantaldea izanda, denbora batez buruan izan dudan ideia gauzatuko dut". Aurten argitaratu nahi dute lana, data zehatzik ez badute ere: "Uda hasiera alderako nahi dugu amaitzea, Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astea eta Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdia etorriko direlako gero".

Lehen telesaila hastear

Film laburrak lantaldea trebatzeko eta batzeko helburua duela azaldu du azpeitiarrak, eta badu erronka kutsu bat ere: izan ere, Nahiak izeneko telesail bat grabatuko dute martxoan-edo hasita, La Traca ekoizpenarekin koprodukzioan. Ander Iruretagoiena zarauztarrak garatu du istorioa, eta neska transexual baten istorioa jasotzen duela aurreratu du Rodriguezek.

Istorioa eta proiektua "oso erakargarriak" direla azaldu du zuzendari azpeitiarrak, eta ekoizpen lanetan ariko da Rodriguez eta taldea: "Gazteentzako egindako lana izango da, eta Donostian grabatuko dugu. Aurreikusita dago martxoan hastea grabaketekin, eta gu horretan ariko gara".