Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa jokatuko du Maider Etxezabalek asteburuan

Maialen Etxaniz 2021ko urt. 11a, 13:19

Kirolari azpeitiarrak zapatuan jokatuko du Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa Abadiñon (Bizkaia), Arabako ordezkari gisa. Etxezabalek badu eskarmentua lokotxak biltzen, eta 2019an Euskal Herriko txapeldun izan zen. 

Maider Etxezabal azpeitiarrak Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa jokatuko du zapatuan, hilak 16, Abadiñoko (Bizkaia) Matiena auzoan. Egun horretan Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketaz gain Euskal Herriko Ingude Jasotze Txapelketa ere jokatuko dute, eta 12:00etan hasiko da herri kirol jaialdia. 

Lokotx Bilketa Txapelketan parte hartuko du Etxezabalek, eta emakumezkoen mailan lehiatuko da Arabako ordezkari gisa. Guztira, lau emakumek jokatuko dute sariketa, eta horien artean da azpeitiarra. Kirolari bakoitzak 1,25 metrotara eta bi lerrotan jarritako 50 lokotx bildu beharko ditu. 

Azpeitiko kirolariak badu eskarmentua lokotxak biltzen, eta zapatuan Euskal Herriko bigarren txapela eskuratzeko aukera izango du. Izan ere, 2019an Etxezabalek irabazi zuen Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa.

Etxezabal hainbat kiroletan aritutakoa da, hala nola sokatiran eta igerian. Azpeitiarrak zilarrezko domina eskuratu zuen 2018an Txinako Munduko Sokatira Txapelketan, eta lorpen hori tarteko Azpeitiko Udalak banatutako emakumezko kirolari onenaren saria jaso zuen urte hartan.