Maider Etxezabal: "Nuarbeko sokatira taldea jende askok du gogoan oraindik"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 13a, 13:44
Maider Etxezabal. (Argazkia: Igor Aizpuru)

Txinako Munduko Sokatira Txapelketan zilarrezko domina lortu du Etxezabalek Badaiotz taldearekin, 500 kiloko kategorian. "Oso pozik" dago azpeitiarra, nahiz eta ez duten urrea lortu aurtengoan. Urola Kostako Hitzak Etxezabalen bizipenak jaso ditu gaurko egunkarian.

Sei urre eta bost zilarrezko domina; historia horrekin joan ziren Arabako Badaiotz taldeko emakume sokatiralariak Txinako Munduko Txapelketara. Aurtengoan, ez dute lehen postua eskuratu, eta txapeldunorde sailkatu dira 500 kiloko kategorian –500 kilo pisatu ditzakete gehienez taldekide guztien artean–. Talde horretako kidea da Maider Etxezabal (Azpeitia, 1990). Lehia ondorengo lasaitasunean, Pekinen dago; bidaiatzeko aprobetxatuko ditu egun batzuk.

Azpeitiar bat, Arabako talde batekin, Txinako Munduko Txapelketan. Nola da hori posible?

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nuen Gasteizen. Kirol festa bat egiten dute bertan, eta sokatira ere lantzen dute. Horrez gain, ikasketetako hirugarren mailan, herri kirolen ikasgaia izan genuen. Ikasgai horretako irakaslea zen Ruth Cayero, Badaiotzeko partaide dena.  Sokatira ikasteko gogoa sartu zitzaidan, eta Badaiotzen zebilen lagun batek eman zidan azken bultzadatxoa.

Zilarrezko domina eskuratu berri duzue Munduko Txapelketan. Pozik al zaude lortutakoarekin?

Oso pozik. Ez da egunero lortzen horrelako zerbait. Ilusio handia egiten du, urte osoa horretarako prestatzen aritu gara eta.

Guztira, sei Munduko Txapelketa irabazi ditu Badaiotzek, baina aurten ezin izan duzue garaipena eskuratu. Horren pena al duzu?

Nola ez! Urte osoan oso ongi aritu gara Euskal Herriko Txapelketan. Launakako 260 kiloko eta zortzinakako 540 kiloko zein 500 kiloko txapelketak irabazi ditugu, baina hainbat arrazoi direla eta, ezin izan genion nahi bezala aurre egin Gaztediri  Munduko Txapelketan.

500 kiloko kategoriako podiuma hiru euskal taldek osatu duzue: Gaztedi sailkatu da lehen postuan, eta Ibarra hirugarrenean. Euskal kirolariek Txinan maila ona eman duzuela esango zenuke?

Hiru euskal taldek podiuma osatzen dugun lehen aldia izan da, baina euskal herritarrok beti itxura ona ematen dugu mundu mailan. Aurten, taldekako eta nazioarteko txapelketetan, hamasei domina lortu ditugu euskal herritarrok guztira. Gure aurretik, emakumeetan, txinatarrek erakutsi dute mailarik onena. Haiek profesionalak dira sokatiran; unibertsitateko bekak eta dena izaten dituzte selekzioarekin aritzeagatik. Beraien artean nahikoa lehia izaten dute, baina horretaz aparte, euskal herritarrok izaten gara pixka bat sufriarazten diegunak. Beraz, harro egon gaitezke egiten dugunarekin, ez baita erraza haiei aurrea hartzea.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.