Julen Egiguren: "Txapel bat lortzea da orain daukadan ametsa"

Julene Frantzesena 2020ko abe. 20a, 10:07
Julen Egiguren artxiboko irudi batean.

Urte eta erdi darama profesionaletan Julen Egiguren (Azpeitia, 2000) pilotariak. Lehen ametsa bete du: profesionaletan final batera iristea. Datorren zapatuan Aitor Elordiren kontra neurtuko ditu indarrak, bigarren mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finalean. Amets bat beteta, beste bat du jomugan orain.

Zer moduz sentitu zinen herenegun kantxan?

Hasiera batean nahiko urduri sentitu nitzen. Baina, hala ere, partida aurrea zihoan heinean, lasaitzen joan nintzen, kantxan Dario baino erosoago sentitzen nitzelako.

Erraz irabazi zenion Dariori. Espero al zenuen?

Ez nuen espero Dariori irabazterik, banakako txapelketan erakutsi baitzuen onenekin lehiatzeko moduen zegoela. Banekien partida oso zail bat nuela aurretik, baina daukadan maila erakutsi eta irabaztea lortu nuen.

Finalean izango zara datorren zapatuan. Ba al zenuen horretarako esperantzarik?

Txapelketa hastean, guztion nahia izaten da txapela irabaztea. Gaztea izanda, baina, txapelketa on bat eginda konformatzen naiz. Aurten finalera sartzea lortu dut eta oso pozik nago; ez nuen espero, baina horretarako borrokatu dut.

Aitor Elordi izango duzu aurkari. Nolakoa da?

Aitor Elordi aurkari gogorra da. Erakutsi du bigarren mailan onenen artean dagoela ta aurrerapausoa egin nahi duela. Jokoan agresiboa da, eta azkar amaitzen du tantoa. Horri aurre ondo egiten saiatu beharko dut.

Lau eta erdiko txapelketak orain arte emandakoaz zer balorazio egiten duzu?

Txapelketa azkarra izan da, hiru astetan jokatzen dugu guztia. Momentuz, oso pozik nago jokatutako bi partidetan nire maila erakutsi dudalako.

Alberdi kanporatuta iritsi zinen finalerdietara. Nolakoa izan zen partida?

Partida polita izan zela uste dut. Alberdik eta biok txikitatik kointziditu izan dugu frontoian, eta batera jokatzen ere askotan aritutakoak gara. Oso polita da guretzat maila honetan elkarren aurka lehiatzen jarraitzea. Neurketa hartan irabazteko aukera izan nuen, eta oso pozik nago lortutako garaipenagatik, baina Jon oso maila oneko pilotaria da eta ziur nago hurrengo batean berari tokatuko zaiola irabaztea.

Nola prestatuko zara finalerako?

Gainontzeko asteetan bezela entrenatuko dut, baina gogo handiagoarekin. Finala da eta ilusio ikaragarria egiten dit.

Lehen aldiz ariko zara profesionaletako final batean. Ametsa bete duzula esan al dezakezu?

Guztion ametsa da profesionalatara igotzea eta final batean sartzea. Beraz, hori lortu dut eta oso gustura nago. Txapel bat lortzea da orain daukadan ametsa.

Zer moduz profesionaletan?

Urte eta erdi daramat profesionaletan, eta oso gustura nago. Momentu onak eta txarrak pasatu ditut, baina beti aurrera egin behar dela ikasi dut. Ikasteko eta entrenatzeko gogoz nago, baita aurrerapausoak egiteko ere.