Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finalean izango da Julen Egiguren

Julene Frantzesena 2020ko abe. 19a, 09:56
Julen Egiguren artxiboko irudi batean.

Atzo Gernikan (Bizkaia) jokatu zuen finalerdietako partida Darioren kontra, eta 22 eta 15 hartu zuen hura mendean. Datorren zapatuan, abenduak 26, jokatuko du finala, Aitor Elordiren kontra.

Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerako txartela eskuratu zuen atzo, ostirala, Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarrak. Gernikan (Bizkaia) jokatu zuen finalerdietako partida Darioren kontra, eta partida ederra jokatuta, hura mendean hartzea lortu zuen.

Norgehiagoka hasi orduko markagailuan aurretik jarri zen Egiguren. Lan oso txukuna egin zuen azpeitiarrak, nagusitasunez aritu zen partida guztian. 12 eta 5era iristean egin zuten behartutako lehen atsedenaldia. Handik bueltan, Dariok tanto batzuk egitea lortu zuen, eta Egigurenengana gerturatu zen, baina ezin izan zion hari aurre hartu. Egigurenek nagusitasunez lortu zuen azken tantora iristea; 22 eta 15 bukatu zen neurketa.

Atzoko balentria tarteko, Egigurenek profesionaletako lehen finala jokatuko du. Aitor Elordi izango du parez pare abenduaren 26ko finalean. Final laurdenetan Jon Alberdiren kontra neurtu zituen indarrak Egiguren V.ak, eta azpeitiarren arteko norgehiagoka irabazita lortu zuen atzoko finalerdirako txartela.