Koronabirusa Azpeitian

571ra igo da intzidentzia tasa Azpeitian eta bihartik aurrera berriro itxiko dituzte tabernak

Mailo Oiarzabal eta Dorleta Agiriano 2020ko abe. 14a, 13:11
Azpeitiko plaza joan den zapatu eguerdian. (Mailo OIarzabal)

Ostiraletik igandera 33 positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian. Azken astean gora egin dute SARS-CoV-2 birusaren kutsatzeek, 57 pilatu dira azken zazpi egunetan, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak ere gora egin du. Horrenbestez, eremu gorrira itzuli da Azpeitia, eta ondorioz, ostalaritza guneak itxi egingo dituzte berriro. Ostegunean berrikusiko dute erabakia, egun horretako intzidentzia datuarekin.

COVID-19aren asteburuko herriz herriko datuak eman berri ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta Azpeitian ez dira batere onak. Ostiraletik igandera 33 positibo zenbatu dituzte –hamahiru izan ziren ostiralean, hamazazpi zapatuan, eta hiru igandean–, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du berriro: asteburuko datuen ondoren, 571,24ra igo da tasa hori. Azpeitia, beraz, eremu gorrira itzuli da, eta ondorioz, bihartik aurrera berriro itxita egongo dira tabernak eta jatetxeak; joan den zapatuan ireki zituzten berriro, hilabeteko itxialdiaren ostean.

Gaur zortzi, 405,18koa zen gaitzaren hamalau eguneko intzidentzia tasa herrian, baina astebetean okerrera egin du berriro birusaren hedapenak. Eusko Jaurlaritzak aurreko astearen bukaeran ezarritako neurri berrien arabera, intzidentzia tasa 500dik behera duten herrietan soilik mantendu ahal izango dituzte irekita asteburutik berriro martxan diren ostalaritza guneak. Astelehenero eta ostegunero berrikusiko dituzte neurriok, egun horietako datuen argitara. Beraz, datorren osteguneko intzidentzia tasak erabakiko du neurriak mantentzea ala berriro arintzea.

Urola Kostan ere nabarmen gora

Nabarmen egin dute gora atzemandako positibo berriek Urola Kostan: ostiralean 28 emaitza positibo izan ziren, larunbatean 41 eta, atzo, 14.

Azpeitia da positibo berri gehien batu dituen herria, eta atzetik dator Zarautz, 24rekin –bost ostiralean, hamalau larunbatean eta beste bost igandean–. Zarautzen ere kolorez aldatu da semaforoa: 360,50eko positibotasun tasarekin, eremu laranjan sartu da berriz. Osteguneko datuekin, 442,04koa zen zenbatekoa, eta eremu horian zegoen Zarautz.

Azkoitian ere izan da igoera baieztatutako kasuen kopuruan: 11 positibo detektatu dituzte –bost ostiralean, hiru larunbatean eta hiru igandean–, eta 266,91ko intzidentzia tasarekin, eremu horian dago une honetan. Dena den, ez da kolore hori piztuta duen eskualdeko herri bakarra: Orion bost positibo atzeman dituzte asteburuan eta eremu horira igaro da, eta berdin gertatu da Zumaian, ostiraletik igandera bitartean zenbatutako lau kasu berriekin.

Zestoan bi lagunek eman dute positibo asteburuan, eta batek Getarian. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu bat bera ere atzeman.

Kasuak gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Koronabirusa hautemateko 21.975 egin dituzte asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko asteburuko datuekin alderatuta, lurralde historiko guztietan egin dute gora zenbatutako kasu positiboek: 296 izan dira Araban, 658 Bizkaian eta 473 Gipuzkoan. Dena den, ostiraletik igandera artean jaitsi egin da hiru lurraldeei dagokien positibotasun tasa: %7,2koa izan zen ostiralean, %6koa larunbatean eta %6,1ekoa igandean.