Koronabirusa Azpeitian

Bost astez itxita egon eta gero, zabaldu dituzte berriz ere ostalaritza guneak

Mailo Oiarzabal eta Andoni Elduaien 2020ko abe. 12a, 13:34

Jaso dituzte pertsianak herriko taberna, kafetegi eta jatetxe askok. Goiz euritsua eta hotza izanik, terrazetan ez da jende askorik elkartu. Nola bezeroek hala ostalariek Jaurlaritzak agindutako hainbat neurri jarraitu beharko dituzte datozen egunetan.

Bost asteren ondoren, gaur, larunbata, ostalariek berriz ireki dituzte establezimenduak eta terrazak, bezeroak berriz beraienean hartzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzak baimena eman die gaurtik aurrera beren negozioak irekitzeko. Hori bai, hainbat neurrirekin zabaldu behar izan dituzte ostalariek beren tabernak, kafetegiak eta jatetxeak.

06:00etatik 20:00etara irekitzeko baimena dute ostalaritza guneek, baina 21:00ak arte etxera eramateko janaria establezimenduan bertan ematen jarraitzeko aukera izango dute, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango dute. 20:00ak bitartean, terrazak %100ean ireki ahal izango dituzte, baina barrualdeko edukiera erdira murriztu beharko dute. Herritarrek mahaietan eserita kontsumitu beharko dute beti, gehienez sei laguneko taldeetan, eta sekula ez barran.

Goiza euritsua eta hotza izan da, ordea, eta ez da ibili jende askorik terrazetan lehen orduetan. Hala ere, eguerdi aldera poliki-poliki hasi dira bezero batzuk gerturatzen. Herriko hainbat txokotako irudiak jaso ditu Uztarria.eus-ek ondoko argazki bilduman.

Bestalde, hemen irakur daitezke gaur gauerdian Eusko Jaurlaritzak indarrean sartu dituen neurriak eta gomendioak.