Gaurko egunez duela hamar urte zabaldu zituen ateak Sanagustin kulturguneak

Julene Frantzesena 2020ko abe. 11a, 17:47
Kulturgunearen irekiera ekitaldiko irudi bat.

2010eko abenduaren 11n zabaldu zuten kulturgunea, herriko eragileek eta hainbat erakundetako ordezkarik parte hartu zuten ekitaldiarekin. 2011ko uztailean Kultur Mahaiak sortutako Kulturaz kooperatibak hartu zuen Sanagustin kulturgunearen kudeaketaren ardura. Hamar urteotan ehunka ekitaldi izan dira kulturgunean.

Gaurko egunez duela hamar urte zabaldu zituen ateak Sanagustin kulturguneak. Herriko eragile hainbatek eta Azpeitiko Udalak parte hartu zuten irekiera ekitaldian, eta Julian Eizmendi orduko Azpeitiko alkateak, Espainiako Sustapen Ministerioko zuzendariorde Dionisio Chaparrok eta Kultur Mahaiko Ihintza Agirretxe eta Gari Mendiolak hitz egin zuten taldeek eskainitako emanaldien artean.

Sanagustinen hasierako kudeaketa Azpeitiko Udalaren eta Kultur Mahaiaren esku egon zen. 2011ko uztailean, baina, herriko Kultur Mahaiak sortutako Kulturaz kooperatibak hartu zuen Sanagustin kulturgunearen kudeaketaren ardura, deialdi publiko baten bidez, eta ordutik ostalaritza zerbitzua ere badu guneak. Hamar urteotan kultur diziplina anitzetako ehunka ekitaldi egin dira Sanagustinen, eta ehunka eta ehunka ikus-entzule izan dira horietan.