'Mozal legea' aplikatu diote joan zen asteko GKSren manifestazioa deitu zuen pertsonari

Julene Frantzesena 2020ko aza. 27a, 13:27
Joan zen larunbateko manifestazioko irudi bat. (GKS)

Manifestazioan "jendartearen segurtasunaren kalterako gertaerak" izan zirelako bi arau hauste leporatu dizkiote protesta deitu zuen pertsonari. Koordinadorak adierazi duenez, Mozal legea aplikatu diote manifestazioan "bi bengala piztu eta lau petardo bota" zituztelako. Arau hauste horiengatik 100 eta 600 arteko isun bat eta 600 eta 30.000 arteko beste bat jaso ditzake.

Joan zen larunbatean egindako manifestazioan "jendartearen segurtasunaren kalterako gertaerak" izan zirela leporatuta, Mozal legea ezarri diote protesta ekitaldi hura deitu zuen pertsonari. Hala salatu du gaur, ostirala, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) sare sozialetan. Koordinadorak adierazi duenez, Mozal legea aplikatu diote manifestazioan "bi bengala piztu eta lau petardo bota" zituztelako, eta horregatik, protesta deitu zuen pertsonari bi arau hauste leporatu dizkiote: batagatik, 100 eta 600 euro arteko isuna jaso dezake; eta besteagatik, 600 eta 30.000 eurora artekoa.

GKSk salatu duenez, gertaera horrek "marrazten ari diren etorkizuna" nolakoa den erakusten du: "Boterearen arbitrariotasunak eta polizia estatuak ezaugarritzen duten etorkizuna; finean, totalitarismoan oinarritutako etorkizuna". Koordinadoraren arabera, horren adibide dira Mozal legea aplikatu izana, orain astebete Iruñean egitekoak ziren manifestazioa debekatu izana edota Bilbon hiru militantek jasandako polizia jazarpena. "Gertatutakoa gogor salatu nahi dugu eta polizia jazarpenaren aurka eta eskubide eta askatasun politikoen alde lanean jarraituko dugula berresten dugu".