Joxe Aranburu aktorea hil da

Nerea Uranga 2020ko aza. 24a, 11:07

Antxieta antzerki taldean sorreratik ibili zen Joxe Aranburu aktorea, eta talde horren antzerki lan guztietan parte hartu zuen, agertoki gaineko edota atzeko lanetan.

Joxe Aranburu (Azpeitia, 1944) aktorea hil da gaur, asteartea. Azpeitiko Antxieta Antzerki Taldean ibili zen sorreratik, eta talde horrekin dozenatik gora antzezlanetan aritu zen aktore. Jendaurrean bakarrik ez, antzerki taldearen atzeko lanetan ere ibili zen Aranburu.

Telebistan, Goenkale eta Brinkola telesailetan parte hartu zuen. Zineman, berriz, hainbat filmetan figurazio lanak egin zituen Aranburuk, besteak beste, Ke arteko egunak film luzean eta El nunca lo haria film laburrean. Azpeitiko Zineklub taldearen film batean ere parte hartu zuen aktore gisa, hain zuzen Super 8 Zentury Plast-en.

Bukatu berri diren Azpeitiko 38. Euskal Antzerki Topaketetan Txalo Saria jaso behar zuen Joxe Aranburuk. Ekitaldi hori ez zuten egin, Aranburu bera pattal zegoelako. Ostiraleko Ikuslearen sari banaketa ekitaldian, hura gogoan izan zuten Azpeitiko Udaleko ordezkariek.