Euskaraldia 2020

Euskaraldian izena emateko azken eguna, bihar

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 23a, 19:15

Joan den ostiraletik abian da Euskaraldiaren bigarren edizioa, baina herritarrek oraindik ere badute aukera ahobizi ala belarriprest izan nahi duten erabaki eta egitasmoan parte hartzeko. Biharkoa izango da izena emateko azken eguna.

Ostiralean abiatu zen Euskaraldia, euskaldunen hizkuntza ohiturak eraldatzea eta euskararen erabilera handitzea helburu dituen egitasmoa. Eta oraindik ere bada abian den edizioan izena emateko eta parte hartzeko aukerarik. Hain zuzen ere, biharkoa izango da horretarako azken eguna.

Euskaraldian izena ematea erraza da. Ahobizi ala belarriprest izan nahi duten erabaki eta Euskaraldiaren webgunean izena eman besterik ez da egin behar. Behin izena emanda, Udal Euskaltegian jaso behar da norberaren rolari dagokion txapa.

Dagoeneko 2.200 inguru dira Euskaraldian parte hartzeko hautua egin dute azpeitiarrak. Duela bi urte egin zen lehendabiziko edizioan gehixeago izan ziren, 2.800 inguru, baina egoera zein den kontuan izanda, ez da lorpen makala. Abenduaren 4an bukatuko da aurtengo Euskaraldia.

Herritarrak ez ezik, entitateak ere ari dira parte hartzen Euskaraldiaren bigarren edizio honetan, eta ostiralaz geroztik asko izan dira egitasmoarekin bat egiten dutela publikoko adierazi nahi izan duten herriko eragileak. Esate baterako, Lagun Onakeko eta Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeetako jokalariek Euskaraldiko pankartaren atzean argazkia atera zuten larunbat arratsaldean Garmendipen; Juaristi ISBko jokalariek ere beste horrenbeste egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko kiroldegian; eta Karmelo Etxegarai eta Iraurgi ikastetxeetako irakasle eta ikasleek ere halaxe egin dute.