Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatua izango da aurrerantzean

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 17a, 12:34

Azken bost urteotan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamenduaren ardura izan du azpeitiarrak. Gaurtik aurrera Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua izango da, eta berak hartuko du proiektu estrategikon zuzendaritza ere.

Aurrerantzean Jabier Larrañaga (Azpeitia, 1972) izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua, eta haren departamendua arduratuko da proiektu estrategikoak gidatzeaz ere. Azken bost urteotan Ogasun eta Finantza diputatu kargua izan du azpeitiarrak, baina Markel Olano ahaldun nagusiak proposatuta, kargu berrian ariko da gaurtik aurrera. Gaur arte, Ainhoa Aizpuru gabiriarrak zuen kargu hori; Larrañagak Ogasun eta Finantzen dapartamenduan utzitako lekua, berriz, Jokin Perona oriotarrak beteko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean erabaki du foru gobernua berregituratzea, "pandemiak sortutako krisiaren aurrean bere estrategia ekonomikoa indartzeko eta gertatzen ari diren eraldaketa sozioekonomiko izugarrien aurrean erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna areagotzeko". Aldaketak diputatu nagusiak berak proposatu ditu "beharrezko" neurri gisa, erabakiak hartzeko garaian "bizkortasuna" irabazteko eta "lurraldeko sare ekonomikoari eskainitako babesa are gehiago zabaltzeko eta hobetzeko asmoarekin".

Olanok Larrañaga proposatu du aldundiaren estrategia ekonomikoaren gidari izateko, besteak beste, lurraldeko enpresen inguruan duen ezagutza zabalagatik eta haiekin duen harremanagatik. Gainera, Larrañaga arduratuko da Next Generation Europako funtsen inguruan diputazioak gainontzeko erakundeekin dituen harremanetaz ere. Diputatu nagusiak azaldu du funts horiek lortzeko "susperraldi ekonomikorako motor" izan daitezkeen proiektuak aukeztu dituela aldundiak. "Horregatik, proiektu estrategikoen alorra zuzendaritza bilakatuko da gaurtik aurrera, Larrañaga buru duen departamenduaren barruan".