Elkarrizketa

Jabier Larrañaga: "Osasun egoera normalizatu behar da lehenik, gero ekonomia normalizatzeko"

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 6a, 09:19

Duela lau urte, lana tarteko, sorterria utzi eta Donostiara bizitzera joan zen Jabier Larrañaga (Azpeitia, 1972). "Familiarekin egoteko eta seme-alabak ikusteko" erabaki zuen bizilekua aldatzea. "Beti sumatzen da herriaren falta, baina...". Osasun larrialdiak eragindako krisiari aurre egitea tokatu zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza diputatuari., eta horri buruz hitz egin du 2020ko urriko Uztarria aldizkarian.

Koronabirusak goitik behera astindu du mundua, eta jendea oso kezkatuta dago horrek ekonomian izango duen eraginarekin. Zein da egoera?

Kristalezko bolarik ez daukagula eta zehatz-mehatz zer gertatuko den inork ez dakiela jakinda, uste dut krisi bat gehiago dela bizitzen ari garena. Gutxi gorabehera hamar urtean behin izaten dugu krisiren bat; inoiz ez dakigu esaten zergatik eta noiz etorriko den, baina badakigu etorriko dela. Azken krisia 2008-2009 urteetan izan genuen, beste arrazoi batzuk tarteko, eta, orain, osasunaren bidetik etorri da.

Krisi denek aurretik zetozen joerak azeleratzen dituzte, eta kasu honetan ere hala izango da. Zer joera geneuzkan aurretik? Horietako bat da desberdinkeria hazten ari dela munduan zehar. Arrazoi ezberdinek eragin dute horretan, baina teknologiak zerikusi handia du. Gure ekonomia aldatzen ari da, teknologia enpresek sekulako tamaina hartu dute, eta horrek gizartean desberdinkeria indartu egiten duela uste dut. Era berean, lurraldeei ere ezberdin eragiten diete krisi guztiek: guk hemen konfinatzeko aukera daukagu, baina beste lurralde batzuetan hori ez da posible. Horrek ere desberdinkeria handitu egingo du munduan.

Gizakien arteko ezberdintasunak areagotu egingo dira, beraz.

Bai. Gainera, jendeak fedea galtzeko motibo nagusia izan da desberdinkeria azken urteetan. Orain esaten da demokrazia liberalak krisi bat bizi duela: jendeak sistemarekiko fedea galdu du, desberdinkeria horiek bidegabeak direla ikusten duelako. Horrek mugimendu populista batzuk sortu ditu, eta ez dirudi horiek herritarren ongizate maila hobetu dutenik; justu kontrakoa gertatu da. Hori hor edukiko dugu, eta ez da ona; izan ere, gatazka giroa sortzen dute mugimendu horiek, eta arazoei aurre egiteko, ekonomiak aurrera egiteko, nolabaiteko oreka behar dugu. Era berean, mugimendu populista horiek multilateralismoarekin bukatu nahi izan dute, eta neurri protekzionistak ezarri dituzte horretarako. Horrek guri ere erasaten digu; izan ere, gure enpresek munduan zehar saltzen dute, eta neurri horiek ez diete horretan uzten. Azken finean, denok elkarren beharra daukagu, eta neurri protekzionista horiek kalte egiten dute.

Desberdinkeriari aurre egitea al da erronka?

Erronka bat da, bai. Horretarako, ekonomia indartsua behar dugu, eta ekonomia hori denengana iristea, ez batzuengana bakarrik. Guk, hala ere, gauza on bat daukagu: gure abiatzeko puntua oso ona da. Agian ez gara kontziente, baina gaur egun Gipuzkoako desberdinkeria tasa Finlandiakoaren bera da. Gehien irabazten duenaren eta gutxien irabazten duenaren artean dagoen distantzia da desberdinkeria tasa, eta, egun, munduko tasarik onenetakoa dugu Gipuzkoan. Horrek salbatzen al gaitu? Ez. Izan ere, munduko joerek guri ere erasaten digute. Gure erronka da desberdinkeria gutxi izatea Gipuzkoan, eta ongizate hori denongana iristea.

Zerga bilketan ere zuzenean eragingo du osasun krisiak.

Hemendik urte bukaerara gorabehera batzuk izango ditugu, baina gure aurreikuspena da %17 jaitsiko dela bilketa. Beti egongo gara ziurgabetasun puntu handi batekin, baina badakigu osasun krisiak bilketan eragin handia izango duela.

Horrek zer kalte ekar ditzake etorkizun hurbilean?

Zerga bilketa jaisteak gaitasun gutxiago ematen digu politikak martxan jartzeko. Diru sarrerarik ez badago, ez dago dirurik gastatzeko. Murrizketak egin beharko balira, gizarte politika eta promozio ekonomikoa babestea izango litzateke lehentasuna, baina, noski, ez litzateke dirurik iritsiko beste arlo batzuetarako. Hori da gertatzea nahi ez duguna. Horregatik egin ditugu aurreko urteetan etxeko lanak, krisia iristen zen momentuan zorpetzeko gaitasuna izateko. Eta, orain, zorpetze eta defizit gaitasun horri esker eskuratuko ditugun baliabideak oso garrantzitsuak izango dira krisialdiari erantzuteko.

Zergak igotzea litzateke beste aukera bat. Besteak beste, COVID-19 tasa ezartzea proposatu du EH Bilduk, eta errenta altua dutenei zergak igotzea ELAk.

Nik askotan zera esan dut: zergak onartzen direnetik aktibatzen direnera, urtebete edo bi urte pasatzen dira. Horregatik, fiskalitateak eredu jakin batzuk eraikitzeko balio duen arren, ez du balio une jakin bateko diru bilketa arazoari irtenbidea emateko. Beraz, zergak igotzea ez da baliagarria arazo hau konpontzeko.

Osasun larrialdiak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko, hainbat neurri hartu du Ogasunak: besteak beste, epeak malgutu eta ordainketa egunak atzeratu ditu. Nahikoa al dira neurri horiek?

Hori denborak esaten du beti. Esfortzu handia egin dugu, eta iruditzen zaigu neurri inportanteak hartu ditugula. Zoritxarrez, politika batzuk ezartzen dituzunean, arrazoi bategatik edo besteagatik, beti geratzen da laguntza horiek iritsi ez zaizkion kolektiboren bat edo beste. Kasu honetan horiek gutxienekoak izan direla espero dut.

COVID-19ak eraginda, udalek ohi baino diru gutxiago jaso dute aldunditik, eta udal askotako ordezkariak ez daude konforme. Beharrezkoa al zen neurri hori hartzea?

Ez dugu neurri bat hartu; gure ereduaren ondorio da udalek diru gutxiago jaso izana. 2008an mila milioi euro gutxiago bildu genituen Gipuzkoan, eta orain ere bide beretik goaz. Guri inork ez dizkigu falta diren mila milioi euro horiek ingresatzen. Estatuak beste autonomia erkidego batzuei egiten dizkie sarrera batzuk, baina guk ez daukagu inolako sarrerarik. Euskal Autonomia Erkidegoko ereduak gaitasun eta autonomia handia ematen dizkigu guk nahi ditugun politikak ezartzeko, baina, era berean, arrisku bat dauka: gauzak ondo doazenean, denentzat doaz ondo, baina gaizki doazenean, gaizki doaz denentzat. Aurten bi adibideak ikusi ditugu: 2019a oso urte ona izan zen, eta diru bilketa gehiago izan genuenez, udalei 11 milioi euro gehiago eman genizkien, gehiago tokatzen zitzaielako. Dena den, diru gutxiago biltzen denean, gutxiago tokatzen zaie.

Osasun krisiak krisi ekonomikoa ere ekarri du. Luze joko al du errekuperazioak?

Zaila da esatea. Nik ikusten dudana da lehenengo osasun egoera normalizatu behar dela, gero ekonomia normalizatzeko. Gure enpresa sarearen jarduera askok inbertsio bidez funtzionatzen dute: makinak egiten dituzte, lineak, automozioan aritzen dira... Eta ziurgabetasuna dagoen bitartean, oso zaila da inbertsioak egitea: autoa erostea pentsatzen ari zenak atzeratu egiten du plana, gauza bera makina bat erostea pentsatzen ari zen enpresa batek... Jendeak zain egotea erabakitzen du, eta horrek kate bat dakar: gure enpresek eskari gutxiago jasotzen dituzte, eta, beraz, lan gutxiago izango dute. Osasun krisia pixka bat normalizatu eta lasaitu arte munduan, zaila iruditzen zait inbertsio mailak errekuperatzea. Osasunari dagokion lasaitasun hori lortzerako urtebete oso erraz pasatu daitekeela uste dut. Horrek esan nahi du gure enpresek hilabete oso zail asko dituztela aurretik. Guk ahal duguna egin behar dugu eusten laguntzeko, baina horretan esfortzu handia egin beharko dugu denok: bai enpresek, bai pertsonek.

Zein da Gipuzkoako enpresen egoera?

Beste krisi askotan bezala, honek ere desberdin jo du enpresetan: lan sektoreak eta enpresak aurrez zuen osasunak eragin du diferentzia hori. Aurretik pixka bat kolokan zeuden enpresak egoera zailean jarri ditu egoera honek, baina laguntza asko jarri dira martxan –lana aldi baterako erregulatzeko txostenak, esaterako–, eta uste dut horrek gauzak pixka bat tapatu egiten dituela. Izan ere, laguntza horiek indarrean dauden bitartean, ez da enpresen benetako osasuna azaleratuko. Minaren kontrako botika bat hartu dugu, eta hori kendu arte, ez dugu jakingo atzean benetan zer dagoen. Uste dut benetan egoera zailak bizitzea tokatuko zaigula, eta enpleguan ere erasango duela honek. Oraingoz, luzatu egingo dituzte lana erregulatzeko txostenak, eta hori albiste oso ona da, baina ea jarduera pixka bat errekuperatzen den eta enpresa denak lehengo jarduera berreskuratzeko gai diren. Sektore batzuetan oso konplexua ikusten dut: aeronautikan, adibidez. Beste arlo batzuek, agian, aukera gehiago izan ditzakete.

Zein da lana erregulatzeko txosten horien etorkizuna?

Txosten horiek ahalik eta gehien luzatzen saiatuko da Espainiako Estatua, baina egia da kostu oso handia daukatela. Oraingoz, txosten horiek luzatzeko asmoa dute, baina kontziente izan behar dugu ez direla betirako izango. Momenturen batean bukatuko dira, eta bukatzen direnerako prestatzea da gakoa; hori zaila izango da.

Ticket Bai proiektua ere esku artean duzue. Zertan datza egitasmo horrek?

Duela pare bat urte proiektu bat jarri genuen martxan, eta hari esker, enpresa handiek fakturak Ogasunera bidaltzen dizkigute, ia-ia online. Horren bidez, jarduera ekonomiko guztiaren gaineko informazioa jasotzen dugu: nork nori fakturatzen dion, zenbat... Jarduera ekonomikoaren inguruko zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta tarte gutxiago utziko dugu iruzurrerako. Nahi duguna da jarduera ekonomikoa gauzatzen duten guztiek ordaintzea dagozkien zergak. Enpresa handiekin hasi ginen horrela funtzionatzen, eta orain tokatzen dena da jarduera ekonomikoa egiten duten pertsona eta enpresa txikietatik handietarainoko tarte hori betetzea. Horrek esan nahi du edozein dendak, edozein saltokik edo enpresa txikik jarduera bat izaten dutenean edo tiket bat igortzen dutenean, Ogasunera iritsiko dela informazio hori. Ziur nago iruzurraren aurkako borrokan pauso handia emango dugula aurrera.

Osasun krisiak erakutsi du zerbitzu publiko duinak –Osakidetza, esaterako– izatea ezinbestekoa dela, halako egoerei aurre egiteko. Hala ere, jakinekoa da zerga iruzurra presente dagoela gizartean. Kontzientzia hartzeko balioko al du egoerak?

Balio beharko luke, teorian, baina nik irakurtzen ditudan hausnarketetan ez dira asko sartzen gai horretan. Gaur egun jendearen kezka gehiago da nori bota honen guztiaren kulpa. Egungo gizartean ardura beti bestearena da, eta norberak ez dauka ezeren ardurarik. Iruzurraren kasuan, behar-beharrezkoa da gizartea kontziente izatea dauzkan betebeharrez. Espero dut baloratuko ditugula dauzkagun zerbitzu publikoak; izan ere, sekulakoak dauzkagu, eta horien gain dago gure ongizate maila. Hala eta guztiz ere, gustatuko litzaidake arduren ikuspegitik aurrerapauso batzuk ematea: hau da, ez dugu norbaitek zerbait debekatzeko zain egon behar; gauza batzuk egitea ez dela ona jakin behar dugu.

Mundua etengabe aldatzen ari da globalizazioa dela eta: ekonomia, bizimodua... Horrek eragin zuzena dauka Ogasunean eta zerbitzu publikoetan. Zer norabide hartuko du etorkizunak?

Hori, zalantzarik gabe, erronka bat da Ogasunarentzat gaur egun. Gure sistema prestatuta dago jarduera ekonomikoak ziurtatzeko, baina zer gertatzen da teknologia aktoreekin? Kanpoan daudela, ez dutela inon kotizatzen, eta, beraz, ekonomiaren parte bat zergak ordaindu gabe gelditzen zaigula. Erronketako bat hori da: aktore horiei zergak ordainaraztea, egiten duten jarduera ekonomikoaren arabera. Hori arazo bat da guretzat, arazo bat da Europan, eta hori konpontzeko ari dira lanean. Arazo horri aurre egiteko, beharrezkoa da kontzientzia lantzea: bertako dendetan erostea, bertakoa kontsumitzea. Ardura kontua da. Seguru produktu bera beste leku batean merkeago aurkituko dugula, baina ekonomiari eutsi nahi badiogu, denok hartu beharko ditugu ardurak, edo...