Koronabirusa Azpeitian

Igerilekuko dutxak eta aldagelak itxita izango dira gaurtik aurrera

Julene Frantzesena 2020ko aza. 7a, 10:11
Igerilekuaren eraikina.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaile berrien ondorioz, ezingo dira erabili kirol instalazioetako gune horiek. Orain arte bezala, aurrez hitzordua hartu beharko da igerilekura nahiz gimnasiora joateko. Igerilekuaren irekiera eta itxiera orduak oraingoz mantentzea erabaki du udalak.

Gaur, zapatua, sartu dira indarrean Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurri murriztaile berriak, eta horiek ostalaritzari eta etxeratze aginduari ez ezik, kirol instalazioei ere eragingo diete.

Gaurtik aurrera itxita izango dira kirol instalazioetako dutxak eta aldagelak, eta Azpeitiko igerilekua ez da salbuespena. Gainera, herritarrek maskara erabili beharko dute kirolguneko eremu guztietan, igerilekuan izan ezik. Orain arte bezala, aurrez hitzordua hartu beharko da igerilekura nahiz gimnasiora joateko.

Etxeratze agindua 22:00etara aurreratu badute ere, horrek ez du eraginik izango igerilekuaren itxiera ordutegian, oraingoz behintzat. Izan ere, udalak ohiko ordutegiari eustea erabaki du. Horrenbestez, astelehenetik ostiralera, 07:00etan ireki eta 21:30ean itxiko dute igerilekuaren eraikina, eta zapatuetan, berriz, 09:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Igandeetan eta jaiegunetan goizez egongo da irekita: 09:00etatik 14:00etara.