Koronabirusa Azpeitian

Etxeratze ordua aurreratu eta ostalaritza guneak ixtea agindu du Jaurlaritzak

Julene Frantzesena 2020ko aza. 5a, 20:22
Erdikalea joan zen martxoko egun batean.

Bihar argitaratuko du dekretua Eusko Jaurlaritzak, eta etzitik izango dira neurri murriztaile berriak indarrean. 22:00etara aurreratu du etxeratze agindua, eta tabernak eta jatetxeak ez ezik, itxita izango dira apustu etxeak ere. Gainera, 21:00etarako itxi beharko dira merkataritza establezimenduak, eta kultur ekitaldiek ere ordu horretarako bukatu beharko dute.

Konfinamendua ezartzea ez, baina neurriak zorroztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak oraintsu iragarri ditu larunbataz geroztik –azaroa bukatu arte behintzat– indarrean izango diren neurri murriztaileak, eta besteak beste, etxeratze agindua ordubete aurreratzea eta ostalaritza guneak ixtea erdietsi du erakundeak.

Azken bi asteetan 23:00etan etxeratzeko agindua izan da indarrean Espainiako Gobernuak hala erabakita, eta erkidegoek aukera zuten ordu hori ordubetez aurreratzeko edo atzeratzeko. Jaurlaritzak, beraz, ordubete aurreratzearen aldeko hautua egin du. Gainera, 21:00etarako amaitu beharko dute kultur jarduerek, eta debekatuta egongo da kirol ekitaldietara joatea.

Honako hauek dira neurri berriak:

  1. 22:00etatik 06:00etara pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzea.

  2. Jarduera sozioekonomikoak mugatzea 21:00etatik aurrera. Merkataritza-establezimendu guztiei eragingo die, farmaziei eta gasolindegiei izan ezik.
  3. Kultu jardueretako aforoa %35ekoa izango da.

  4. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak itxi egingo dira. Salbuespena dira egoiliarrei zerbitzua ematen dieten hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak. Jatorduak prestatu eta etxez etxe zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta eta 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola jantokietan nahiz lantegietako eta jantoki sozialetako zerbitzu guneetan sartzen diren jatetxe zerbitzuak ere salbuetsita daude.
  5. Kultura jarduera, ikuskizun edo ekitaldi guztiak 21:00ak baino lehen bukatu beharko dira. Musika eta ahots entsegu kolektiboak edo dantza entsegu kolektiboak bertan behera gelditzen dira, taldeak profesionalak baldin badira.

  6. Taldeko edozein kirol jarduera etengo da, lehiaketa profesionalak edo erdi-profesionalak izan ezik. Debekatuta dago kirol ekitaldietara joatea. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea jarduera fisikoa edo kirola hiri inguruneetan egiten denean.

  7. Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke; betiere, maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko aforoarekin.

  8. Joko eta apustu establezimenduak eta lokalak itxiko dira, eta gaueko 22:30ak izango da garraio publikoa lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia. Salbuetsita dago taxia edo gidaria duen ibilgailuaren alokairua.

COVID-19aren “transmisio kateak mozteko” zortzi neurri zehatz hartu ditu Jaurlaritzak, eta horiek jasotzen dituen dekretu berria bihar argitaratuko du. Neurriok Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordearen bileraren ostean iragarri ditu lehendakariak, Osasun Sailak eta batzorde horrek adostasunez hitzartu dituztela jakinarazita.

Lehendakariak neurriak zorrotz betetzeko eskatu du, bizitza soziala eta mugikortasuna mugatzearen garrantziaz ohartarazita. “Ez badugu hori egiten, konfinatu egin beharko dugu. Neurriok Gabonetara ahalik eta egoerarik onenean iristeko hartu ditugu”. Hark “indarrak batzeko” deia egin du, denen “denen onerako” pertsona bakoitzak “onena” jar dezan eskatu du.

Koronabirusak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan utzi dituen eta uzten ari den datuak tarteko hartu ditu Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak; izan ere, pandemiaren bilakaeraren datuak “lasaigarriak ez” direla adierazi du. “Birusaren transmisio komunitarioa gero eta handiagoa da, eta egoera gero eta kezkagarriagoa”. Gainera, ospitaleetako egoerak eta ZIU oheen beharrak “gora” egin duela jakinarazi du, “berehalako kolapsoa” izateko arriskurik ez dagoen arren.

Laguntzak kaltetutako sektoreentzat

LABIren batzordean neurri berriek eragin gehien izango duten sektoreei zuzendutako laguntzen inguruan ere hitz egin dutela adierazi du Urkulluk. Hark esan duenez, merkataritza, ostalaritza eta turismo arloko laguntzak aztertu dituzte, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak martxan dituen laguntza programa oro indarrean dagoela. Gainera, “sortzen diren beharrei hobeto erantzuteko”, kaltetutako sektoreekin harremanetan jarraituko dutela adierazi du.