Koronabirusa Azpeitian

Asteburuan 59 positibo zenbatu ditu Osakidetzak herrian

Julene Frantzesena 2020ko urr. 26a, 14:01

Koronabirusaren hedapenak etenik gabe jarraitzen du goranzko bidean Azpeitian. Ostiralean 25 positibo atzeman zituzten, zapatuan 24 eta igandean hamar. Koronabirusa detektatzeko probetan 135 herritarrek eman dute positibo azken astebetean eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa 1.647,29raino igo da.

Koronabirusaren hedapenak ez du etenik herrian, eta horren erakusle dira Osasun Sailak gaur argitaratu dituen datuak. Asteburuan –ostirala eta atzo artean–, 59 positibo berri detektatu dituzte Azpeitian: ostiralean 25, zapatuan 24 eta igandean hamar. Azken zazpi egunetako kopurua ere ikaragarria da; izan ere, koronabirusa detektatzeko probetan 135 herritarrek eman dute positibo azken astebetean.

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa ere ez da jaitsi asteburua pasatuta; are gehiago, igo egin da, eta 1.647,29 da gaur egun. Datu hori tarteko, semaforo gorrian jarraitzen du herriak, eta beraz, bost mila biztanletik gorakoak diren eta 500eko intzidentzia tasa gainditzen duten herriei ezarritako neurri murriztaileek indarrean segitzen dute Azpeitian.

Ez da Azpeitia alarma gorria piztuta duen Gipuzkoako herri bakarra. Hain zuzen ere, 30 dira 500eko intzidentzia tasa pasatuta daukaten herriak, eta tartean dira Azkoitia eta Zumaia ere. Zestoan eta Errezilen ere oso altua da tasa hori, baina bi herri horiek ez dituzte alarma gorria pizteko baldintzak betetzen, bost mila biztanle baino gutxiago dituztelako.

194 positibo eskualdean

Urola Kostak pandemiaren bigarren olatuan murgilduta jarraitzen du, eta zenbakiak kezkagarriak dira beste behin. Asteburuan, guztira, eskualdeko 194 lagunek eman dute positibo PCR probetan. Azpeitiko 59 positiboez gain, Zumaian 46, Azkoitian 38 eta Zarautzen 26 detektatu dituzte. 

Eskualdeko beste sei herritan ere zenbatu dituzte positiboak asteburuan: Zestoan zazpi, Errezilen eta Getarian seina, Orion hiru, Aian bi eta Aizarnazabalen bat. Beizama da kasurik izan ez duen eskualdeko herri bakarra.

Zarautzen nabarmen egin du gora positiboen kopuruak, eta Errezilen ere kasu ugari ari dira zenbatzen azken egunetan. Zumaian, berriz, gaur hasiko dira baheketa selektiboa egiten.

Hego Euskal Herriko datuak

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, ostiralean zenbatu zuten positibo gehien. 1.210 izan ziren, guztira, hiru lurraldeotan: gehienak, eta aldearekin, Gipuzkoan (613), Bizkaian 445 eta Araban 137. Egun horretan bertan egin zituzten PCR proba gehien, 13.892. Larunbatean 11.050 proba egin zituzten hiru lurraldeetan, eta positiboak 1.012 izan ziren (Gipuzkoan 458, Bizkaian 449 eta Araban 99). Atzo, berriz, 10.580 PCR proba egin zituzten, eta positiboa 940 izan ziren: Gipuzkoan 381, Bizkaian 477 eta Araban 67).

Lurraldeetako datuei so eginez, Araban positibo kopuruek beherantz egin dute, bai eta Gipuzkoan ere, ostiraletik igandera. Bizkaian antzerako datuak eman dira hiru egun horietan. Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi ez direnen beste 36 positibo izan dira ostiraletik atzora. 

Ospitaleratzeei dagokienez, 76 lagun zeuden atzo herrialde horietako ospitaleetako ZIUetan, ostegunean baino zazpi gehiago. Larunbateko datuen arabera (igandeko daturik ez du eman Osakidetzak), 351 lagun daude gaur egun ospitaleratuta COVID-19arekin lotutako gaixotasunekin. 

Nafarroak 501 COVID-19 kasu berri erregistratu zituen igandean hau da, aurreko egunean baino nabarmen gutxiago, nahiz eta oso kopuru kezkagarria izan oraindik ere. Izan ere, larunbatean 698 positibo izan ziren, inoiz baino gehiago.

Igandean 3.167 PCR proba eta antigenoen test egin ziren Nafarroan eta positibo tasa % 15,8koa izan zen, hau da, 501 kasu, foru gobernuak emandako datuen arabera.