Koronabirusa Azpeitian

Neurri berriak tarteko, 21:00etarako isildu dira kaleak

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 24a, 08:34

Semaforo gorria piztuta duten herrietan –tartean, Azpeitia– tabernak eta merkataritza guneak 21:00etarako ixteko agindu du Eusko Jaurlaritzak. Atzo jarri zen indarrean neurri hori, eta ohi baino lehenago isildu zen kaleko burrunba herrian. Hurrengo agindura arte, neurri eta gomendio berriak jarraitu beharko dituzte herritarrek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindutako neurri murriztaileen ondoren, atzo, ostirala, ohi baino lehen isildu ziren kaleak. COVID-19aren bigarren agerraldiaren hedapena murrizteko asmoz, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibo edo gehiago izan dituzten herriei eragingo diete neurri horiek, semaforo gorria piztua dutenei, hain zuzen ere, eta horien artean dago Azpeitia.

Horren harira, tabernen ateak itxita eta pertsianak botata zeuden atzo 21:00etarako. Era berean, merkataritza gune guztiek ere 21:00etarako itxi behar izan zituzten lokalak, elikagaiak saltzen dituzten saltokiek, gasolindegiek eta farmaziek izan ezik. Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ere hutsik ikus zitezkeen ordu horretarako. Neurri horiek tarteko, kaleak ohi baino lehenago biluztu ziren.

Beste hainbat neurrik ere eragiten die Azpeitiari, atzotik. Besteak beste, ezingo da alkohola saldu gune komertzialetan 21:00etatik 06:00etara, eta tabernetan soilik mahaietan eta eserita kontsumitu ahal izango da. Horrez gain, kirola ezingo da taldean egin; abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek bakarrik egin ahal izango dute kirola taldean.

Bestalde, semaforo gorrian dauden herrietako bizilagunei bertatik ez irteteko eskatu zien Jaurlaritzak, eta gainerakoei haietara ez sartzeko, ez bada lan, hezkuntza, osasun edota zaintza arrazoiren bat tartean. Gainera, etxe berean bizi direnekin soilik elkartzeko gomendioa ere egin zuen Osasun Sailak, eta ezinbestekoak ez diren jarduerak bertan behera uzteko edo atzeratzekoko eskatu zuen. Jarduerak, ahal den heinean, aire zabalean edo ondo aireztatutako guneetan egiteko ere adierazi zuen Jaurlaritzak.

Azpeitiko Udalak ere hainbat neurri hartu zituen atzo, ostirala. Besteak beste, azpiegituretako neurriak zorroztuko ditu, asteburuko ekintza guztiak bertan behera geldituko dira –goi mailako kirol ekintzak ikuslerik gabe egingo dira– eta eragileekin harremanetan jarriko dira ekintzak nola garatu aztertzeko.