Azken txanpara iritsi da Ibaieder eta Errezil erreken garbiketa

Julene Frantzesena 2020ko urr. 22a, 12:16

Urola ibaiarekin elkartzen diren Errezil erreka eta Ibaieder erreken garbiketa azken txanpara iritsi da. Urriaren hasieran hasi zen Azpeitiko Udala garbiketa lanekin, "ingurugiroa zaintzeko eta babesteko" duen konpromisoari eutsiz. Txukun lorazaintza enpresa ari da garbiketa egiten, eta 15.543 euroko aurrekontua dute lanek.

Azken urteetan herriko ikastetxeetako ikasleek eta boluntarioek egiten zuten ibai garbiketa; Sanjuandegitik Madalena auzora arteko zatia txukuntzen zuten horiek. Aurten, baina, ezin izan dute sentsibilizazio egitasmo hori egin, eta udalak hartu du bere gain jarduera. Hain zuzen ere, ibai garbiketa "sakona" egitea erabaki du erakundeak, Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak azaldu duenez: "Ibaia garbiago izateko lanketa egiten ari gara herritar talde batekin, eta Errezil eta Ibaiederren garbiketa sakona egitea ekintza egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun".

Ibaia garbi mantentzeko hartutako konpromisoaren barruan, Urola ibaiaren eta Ibaieder errekaren inguruko zenbait gunetan hondakinengandik babesteko burdin sareak jarri ditu udalak. 2019. urtearen bukaeran hasi zen sare horiek jartzen, herritar talde baten eskariz. Dagoeneko ia herri guztiko ibai ertzean dago sarexka jarrita, eta lanak bukatzean, 1.028 metro burdin sare izango dira herrian. Udalak dioenez, baina, hondakinekin arduraz jokatzea da ibaia eta ingurumena babesteko neurri eraginkorrena: "Bakoitzak bere hondakinekin arduraz jokatzea da neurri eraginkorrena, ibaiak eta errekak garbi mantentzea guztion ardura baita".

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)