Urolaren hainbat ibaiertzetan burdin sareak jarri ditu udalak

Uztarria.eus 2020ko mar. 9a, 15:34
Ibaieder kaleko ibaiertza. (Azpeitiko Udala)

Ibaieder kalean eta Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegi batzen dituen zubian burdin sareak jarri ditu Azpeitiko Udalak. Guztira, 280 metro sare jarri dituzte lanen bigarrengo fasean eta 4.149 euroko aurrekontua izan dute.

2019. urte bukaeran Azpeitiko Udalak hainbat neurri hartu zuen ibaiertzetatik ibaira hondakinik eror ez zedin, eta hainbat zubi eta ibaiertzetan burdin sareak jarri zituen herritar talde baten eskariz. Lanen lehen fasean, 196 metrotako eremuan hartu zuen udalak neurri hura; bigarren fasean, aldiz, beste 280 metrotan ezarri dute sarea. Hain zuzen ere, Ibaieder kalean eta Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegi lotzen dituen zubian jarri dituzte burdin sareak. Bigarren faseko lanek, guztira, 4.149 euroko aurrekontua dute.

Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko ingurumen zinegotziak azaldu duenez, dagoeneko amaitu dute lanen erdia: "Lehen fase hura bukatzean adierazi genuen herrian ditugun 850 metro baranda horietan pixkanaka neurriak hartzeko konpromisoa. Orain, bigarren fasea egin dugu; beraz, lanen erdia baino gehiago eginda dugu, eta hartutako konpromisoari jarraituz, burdin sarea beste hainbat gunetan ezartzen jarraituko dugu".