Mikel Larrañagak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa jokatuko du zapatuan Zestoan

Andoni Elduaien 2020ko urr. 22a, 10:30
Mikel Larrañaga aizkolaria. (Argazkia: Ibon Errazu)

Federazioarekin dituzten desadostasunengatik, lehian parte hartuko duten aizkolariek beren artean antolatu dute txapelketa lehenengoz.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia datorren larunbatean hasiko du Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak. Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan jokatuko dute Euskal Herriko txapelketa nagusiko kanporaketa, 18:00etan hasita.

Azpeitiarraz gain, beste bederatzi aizkolarik parte hartuko dute kanporaketan: Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa. Lau kanaerdiko, 60 ontzako lau enbor eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte hamar aizkolariek, eta denbora onena egiten duten sei kirolariak sailkatuko dira azaroaren 20an Bilboko Bilbao Arenan jokatuko duten final nagusira.

Aizkolariek antolatutako txapelketa izango da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Izan ere, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen txapelketa beraiek antolatzea erabaki dute, bi aldeen artean dauden desadostasunengatik; kirolariek beren apustuari eutsi nahi izan diote, beraz.

Aizkora beste kirol batzuen "maila berera igo" nahi dute, eta garai berrietara egokitzeko "ekintzak garatu, ikusgarritasun handiagoa" lortzeko. "Bada garaia; denbora daramagu arlo honetan hausnartzen eta aurten aizkora munduko kirolariok urrats irmoa emateko erabakia hartu dugu", adierazi zuen atzo Bilbon egindako aurkezpenean Aitzol Atutxa aizkolariak.

Etorkizunera begira formatu "berritzaileagoak eta erakargarriagoak" lantzen ari dira aizkolariak, garai eta modu berrietara egokitzeko. Esaterako, bide berriak bilatu dituzte ingurune digitalean; webgunea sortu dute eta sare sozialetan kontua sortu. Horri lotuta, atzo egindako aurkezpenean jakitera eman zuten finalerako sarrerak web orrialdean eskuratu ahalko direla laster.