Aizkolariek beraiek antolatutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute

Andoni Elduaien 2020ko ira. 24a, 10:00

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak tarteko, aizkolariek ez dute parte hartuko federazioak antolatu ohi duen txapelketan. Aizkolariek beren ekimenez sortutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute urria eta azaroa artean.

Atzo, asteazkena, prentsaren aurrean agerraldia egin zuten hogei aizkolarik, Diman (Bizkaia) Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeari uko egingo diotela jakinarazteko. Aizkolariek azaldutakoaren arabera, Lehen Mailako hamabi aizkolarik –tartean Mikel Larrañaga– eta Bigarren Mailako zortzik, beraiek antolatutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute aurten. Federazioak antolatu ohi zuen txapelketaren ezaugarri berdinak izango ditu aizkolariek antolatutako txapelketak.

Aizkolariek azaldu zuten, "kezkatuta" daudela aizkoraren egungo egoerarekin eta federazioarekin dituzten desadostasunekin. Egungo egoerara "aspaldi" iritsi zirela, eta egungo osasun larrialdiak egoera "azaleratu" besterik ez duela egin azaldu zuten aizkolariek. Azken urteetan federazioarekin hainbat bilera egin dituztela jakinarazi zuten, baina "eragozpenak gero eta handiagoak" izan direla esan zuten, "agindutakoa bete ez" delako. "Urtetik urtera hitz emandakoak ez dira betetzen joan", adierazi zuten.

Aizkolarien esanetan, federazioak Euskal Herriko txapelketa ez antolatzeko erabakia ekainaren amaieran hartu eta jakinarazi zuen. Aizkolariek, ordea, albistea "komunikabideen bidez" jakin zutela azaldu zuten atzo, erabakia horren goiz eta zein arrazoigatik hartu zuten ulertu gabe. "Utzikeria" ikusi dute aizkolariek eta "aurrera egiteko", aizkolari guztiek Whatsapp talde bat sortu zutela jakinarazi zuten. "Federazioarekin harremanetan jartzea erabaki genuen, eta askotan eskaini geniona eskaini genion, txapelketa aizkolariok antolatzea. Ezezkoa jaso genuen, eta horren aurrean txapelketa berria aizkolariok antolatzea erabaki genuen, Euskal Herriko Txapelketaren baliokidea litzatekeena", azaldu zuten atzoko prentsaurrekoan.

Kirolariek hartutako ekimena federazioaren gustukoa ez zela izan argitu zuten aizkolariek atzo, eta abuztuaren 20an federazioak Euskal Herriko Txapelketa antolatuko zuela jakinarazi ziela esan zuten. Aizkolariak bi txapelketaren aurrean jarri zituzten, baina aukera bakarra egin behar izan zuten. "30 urteko esperientzia daukagu atzera begiratu ahal izateko; argi eta garbi okerrera besterik ez du egin bide horrek", azaldu zuten aizkolariek. Horregatik, federazioak antolatutako txapelketari uko egin eta beraiek antolatutakoa jokatuko dute. 

Txapelketaren gaineko gorabeherez gain, aizkolariek hainbat eskaera egin zituzten atzo, Diman. Besteak beste, sare sozialetan presentzia handiagoa izatea, jarraitzaileak eguneratuta edukiko dituen webgune berri bat sortzea eta dietak zein ordainsariak handitzea; izan ere, lehen txapeldunak 3.000 euro irabazten bazituen ere, 2013. urtetik aurrera 1.800 euro irabaztera pasa da txapelduna.

Horrez gain, aizkolariek elkarte bat sortzeko beharra sumatu dute, aizkolari guztien arteko "lotura" lana egingo duen elkartea. "Guztion interesak defendatuko dituen elkartea eta etorkizunean txapelketak antolatzeko ekimena izango duena sortzeko beharra nabaritu dugu", azaldu zuten aizkolariek.

Txapelketaren nondik norakoak

Federazioaren proposamena baztertuta, eta aizkolariek antolatutakoa martxan, atzoko agerraldian jakinarazi zituzten txapelketaren nondik norakoak. Hamabi aizkolari parte hartuko dute Lehen Mailako aizkolarien Euskal Herriko Txapelketan, tartean izango da okerrik ezean Mikel Larrañaga azpeitiarra.

Osasun larrialdiak eragozten ez badu, urriaren 25ean Zestoan jokatuko dute lehen kanporaketa. Parte hartuko duten hamabi aizkolarietatik seik egingo dute aurrera, eta horiek azaroaren azken asteburuan Iruñean jokatuko den final handira sailkatuko dira. Aizkolariek egin beharreko lanak orain arteko txapelketan egindako berdinak izango dira.