Aholkularitza juridikoa eskainiko dute Emakumeen Txokoan datorren astetik aurrera

Anartz Izagirre 2020ko urr. 20a, 12:13
Nagore Alkorta eta Idoia Arrizabalaga udaleko ordezkariak, Emakumeen Txokoan. (Anartz Izagirre)

Prozesu judizialetan laguntza behar duten emakumeentzat informazioa eta aholkularitza eskainiko dute. Hilean bi ostegunetan izango da horretarako aukera, 16:00etatik 19:00etara, eta aurrez hitzordua eskatu beharko da.

Azpeitiko Udalak, Emakumeen Txokoaren bitartez, aholkularitza juridikoa eskainiko die datorren astetik aurrera hala behar duten emakumeei. Zerbitzu horrek emakumeen ahalduntzea nahiz gai juridikoen inguruko zalantzak argitzea ditu xede, eta hilean bi ostegunetan eskainiko dute zerbitzua Emakumeen Txokoan bertan, 16:00etatik 19:00etara. Laguntza doakoa izango da eta aurrez hitzordua eskatu beharko da. Gainera, aurrez aurreko zerbitzua ez ezik online zerbitzua ere eskainiko dute koronabirusa dela-eta hala behar duten herritarrentzat.

Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, "Azpeitia justu eta parekidea" lortzeko "ezinbestekoa" da gai horren inguruan emakumeen ahalduntzea lortzea: "Urtez urte hainbat espazio eta zerbitzuren bidez aurrerapausoak eman dira emakumeen ahalduntzearen gaiaren inguruan. Osasun krisi honek emakumeen kolektiboaren zaurgarritasuna azaleratu du, eta aholkularitza juridikoa eskaintzea oso garrantzitsua da ahalduntzerako". Aholkularitza espezializatua izango da Emakumeen Txokoan eskainiko dena, banakakoa, eta hainbat gai jorratuko dira bertan; besteak beste, dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, bisita erregimenak ez betetzea, etxeko langileen zein gainontzeko langileen kaleratzeak, mantenu pentsioen ordainketa eza zein laguntza sozialak.

Bestalde, Idoia Arrizabalaga udaleko zinegotziak azaldu du "guztiz konfidentziala" izango dela zerbitzua, eta beste hainbat proiektutan lanean ibili diren profesionalak izango direla aholkularitza eskainiko dutenak: "Azpimarratu nahi dugu bakoitzaren kezkak eta beldurrak lasai kontatzeko eta kontsultatzeko leku bat izango dela Emakumeen Txokoan, eta ez dela inor epaituko". Horrez gain, Arrizabalagak nabarmendu ez dela abokatu zerbitzu bat izango, prozesu judizialen gaineko kontsultak egiteko leku bat baizik: "Edozein prozesuren aurrean bakoitzak bere eskubideak defendatzeko autonomia eta lasaitasuna izatea lortu nahi da, eta aholkulariek herritarrak bestelako zerbitzuetara bideratuko dituzte; besteak beste, gizarte zerbitzuetara edo sindikatuetara".

Emakumeen ahalduntzerako eskaintza

Aholkularitza juridikoaren zerbitzuaz gain, Emakumeen Txokoak beste hainbat zerbitzu, ikastaro eta ekintza iragarri zituen ikasturtearen hasieran. Honako lotura honetan kontsulta daitezke zerbitzu guztiak, eta horien gaineko informazioa. Aholkularitza juridikoaren inguruan nahiz bestelako kontuen inguruan informazio gehiago behar duten herritarrek, Emakumeen Txokora (943-15 70 55 eta 688 75 10 00) nahiz Parekidetasun Sailera (943-15 79 28) deitu dezakete, edo honako bi helbideetara idatzi: emakumeentxokoa@azpeitia.eus eta parekidetasuna@azpeitia.eus.

Erlazionatuak