Berrikuntzaz beteta dator ikasturtea Emakumeen Txokora

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 16a, 21:12
Azpeitiko Emakumeen Mahaiko kideak Emakumeen Txokoan, aurtengo esku-orriak eskutan.

Ohi bezala, Azpeitiko Emakumeen Mahaiak Jabetze Eskolak, askotariko ikastaroak, film eta dokumental emanaldiak eta hitzaldiak antolatu ditu, besteak beste, datozen hilabeteetarako. Irailaren 21ean irekiko dute Jabetze Eskoletarako izen-ematea. Aurten, berrikuntza bezala, Neska* gazteen txokoa eta gune informala izango dira Emakumeen Txokoan. Gainera, arreta zerbitzuak ordutegi zabalagoa izango du aurrerantzean.

Ikasturtea hastearekin batera, martxan da Azpeitiko Emakumeen Mahaia, baita Emakumeen Txokoa ere. Ezohiko egoera izanagatik, indartsu ekin diote lanari, eta berrikuntzaz josita hasi dute ikasturtea. Emakumeen ahalduntzerako ohiko eskaintza antolatzeaz gain, Neska* gazteen txokoa eta gune informala prestatu dituzte aurtengorako. Gainera, aurrerantzean ordutegi zabalagoa izango du Emakumeen Txokoko arreta zerbitzuak. Hain zuzen, hemendik aurrera astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era izango da zabalik Emakumeen Txokoko arreta zerbitzua. Ostiraletan, berriz, orain arteko ordutegia mantenduko dute: 10:30etik 12:30era eta 16:00etatik 18:30era.

Emakumeen ahalduntzerako eskaintza

Urtero bezala, emakumeen ahalduntzerako eskaintza zabala prestatu du Emakumeen Mahaiak Emakumeen Txokorako: Jabetze Eskolak, askotariko ikastaroak, hitzaldiak eta zine emanaldiak, besteak beste. Aste honetan bertan hasi dira etxez etxe banatzen Emakumeen Txokoko eskaintzaren inguruko xehetasunak azaltzen dituen esku orria. Ikusi, hemen.

Ikastaro iraunkorrei eta ekintzei dagokienez, honako hauek dira antolatutako batzuk: Empalabramiento ikastaroa, emakume haurdunentzako tailerra, Zinegoak film laburren emanaldia, Gorputz patroiak eta lodi erresistentziak hitzaldia, Alokairuko sabelak nola arautu solasaldia eta Elikadura burujabetza eta generoa, eskutik hitzaldia. 

Jabetze Eskolen barruan, aldiz, zoru pelbikoa lantzen ikasteko tailerra, altzarigintzan murgitzeko ikastaroa, boxeo tailerra, irakurle eskola feminista, mikroestanpa tailerra eta Nekearen etsipenetik, barne indarrera izeneko tailerra eskainiko dituzte.

Jabetze Eskoletan izena emateko epea irailaren 21ean irekiko dute, eta urriaren 2an itxiko dute. Izena emateko edo informazio gehiagorako, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzi, 943-15 70 55 telefonora deitu edo 688 751 000 telefonora dei edo idatz daiteke.

Neska* gazteen txokoa eta gune informala

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak jakinarazi duenez, Neska* gazteen txokoa "herriko DBH3tik 18 urtera bitarteko neska* orori zuzendutako espazio ahalduntzailea" izango da. Adin tarte horretako nesken "beharretara moldatzeko asmoz" eskaintza zehatza egitea erabaki dute, eta gazteen "behar konkretuei" zuzendutako ahalduntze ikastaroak prestatu dituzte.

Halaber, antolakuntzarako gune baten dinamizazioa eskainiko dute: "Ahalduntze kolektiborako baliabideak eskainiko ditugu, taldean matxismoari aurre egiteko estrategiak eraikiz. Horretarako, hausnarketa eta talde kohesioa lantzeko guneak eta ekimenak antolatuko ditugu. Ahalduntze ikastaroen bidez, modu kolektiboan, neska bezala indibidualki bizi dituzten egoera desberdinen inguruko kontzientzia hartzea bultzatuko dugu", adierazi dute sustatzaileek. Besteak beste, autodefentsa feminista ikastaroa, maitasun erromantikoaren mitoak eta edertasun eredu eta lodi erresistentziak izango dira landuko dituzten gaiak.

Gune informalaren ezaugarriak bestelakoak izango dira. Bertan, eskuragarri izango dira Liburutegi Feminista, kontsultarako gunea, Emakumeen Txokoan izandako hitzaldien bilduma, ikus-entzunezkoak eta hausnarketarako gunea. "Emakumeentzat espazio erosoa izango da, joan-etorrian dabiltzan emakume horientzat guztientzat kohesio gunea izatea du helburu. Emakume ugarik sentitutako behar bati erantzunez, elkar ezagutzeko gune informalagoa sortu dugu", azaldu dute sustatzaileek.

Zerbitzu horiez gain, aurrerago beste zenbaiten berri emango dutela aurreratu dute Emakumeen Mahaiko lagunek. 

Babes neurriak, zorrotz

Ia leku guztietan bezala, COVID-19aren kontrako neurriak hartuko dituzte Emakumeen Txokoan, eta bertako arduradunek azpimarratu dute babes neurri guztiak zorrotz beteko direla. Hori dela eta, ekintzetarako kopurua mugatu egingo dute. Horrez gain, sarrera irteera orduetan "moldaketa txikiak" egon daitezkeela adierazi dute, "ikastaroetako partaideen arteko kontaktua ahalik eta murritzena izateko". Harrera zerbitzuari dagokionean, aurrez hitzordua eskatzea, bertara maskararekin joatea eta sarreran eskuak garbitzea gomendatu dute.