Datorren urtean ez da Korrikarik egingo

Andoni Elduaien 2020ko urr. 16a, 12:33
Iaz Korrika Azpeititik igaro zen une bat. (Arnaitz Rubio Aprea)

2021eko martxoan ziren 22. Korrika egitekoak, baina AEK-k urtebete atzeratzea erabaki du euskararen aldeko egitasmoa.

22. Korrika 2022. urtera atzeratu du AEK-k. Datorren urteko martxoan Gasteizen hastekoa zen Korrika, baina egungo osasun egoera ikusita, urtebete atzeratuko dute euskararen alde Euskal Herria zeharkatzen duen egitasmoa. "Bizi dugun egoerak argi erakutsi digu apalak eta zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude", azaldu dute AEK-ko ordezkariek gaur goizean Donostian egin duten agerraldian. 

AEK-k uste du, epe motzean zein ertainean, ez dela osasun egoera kontrolatuko, eta, ondorioz, herritar ugarik modu bateratuan parte hartzen duten egitasmoa atzeratzea erabaki dute, transmisioa "ahalik eta gehien murrizteko". Erabaki "latza" dela azaldu dute antolatzaileek. "Euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena da, eta badakigu euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu", gaineratu dute. Korrikak duen garrantziaz "jakitun" direla azaldu dute AEK-ko kideek, eta horregatik esan dute "beharrezkoagoa" dela ekimena guztiak desiratzen duten baldintzetan egitea. "Korrikak, euskarak bezala, kalea behar du, bizia, mugimendua; hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera irteten direnek".

Kolpe handia euskaltegientzat

Korrika dagokion urtean ez egitea "kolpe handia" izango dela azpimarratu du AEK-k; izan ere euskaltegietako lana "ekonomikoki babesteko" balio du euskararen aldeko egitasmoak. Era berean, AEK-k agerraldia baliatu du helduen euskalduntzea aldarrikatzeko. "Inbertsioak areagotu behar dira. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian", azaldu dute.

21. Korrika iaz egin zuen AEk-k eta bertan parte hartu zuen Uztarriak. Euskal Herriko herri eta hiri guztietatik pasatu zen euskararen aldeko olatua, eta lekukoa eskuz esku, Azpeitira apirilaren 4an iritsi zen. 22. Korrika 2022. urtera atzeratuta, AEK-k herritarrei Euskaraldian parte hartzeko deia egin die.

Hona hemen 21. Korrikak Azpeitian egin zuen ibilbidea, bideoan: