Aizkolarien jarrera "deitoratu" du federazioak

Mikel LarraƱaga aizkolari azpeitiarra, artxiboko irudi batean.

Aizkolariek beren asmo ekonomikoengatik antolatuko dutela dio txapelketa "ez-ofiziala". Federazioak, bere aldetik, txapelketa antolatzen jarraituko du, eta nabarmendu du haren irabazlea izango dela Euskal Herriko 2020ko txapeldun ofizial bakarra.

Hogei aizkolarik federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeari uko egingo diotela jakinarazteko agerraldia egin zuten joan den astean, federazioarekin hainbat desadostasun dituztelako. Hori dela eta, aizkolariek beren ekimenez sortutako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dutela azaldu zuten

Euskadiko Herri Kirol Federazioak "deitoratu" egin du aizkolarien jarrera, eta horiek antolatu nahi duten ekitaldian hainbat baldintza bete beharko dituztela ohartarazi du: "Aizkolari jakin batzuek elkartasunaren gainetik ekonomia jartzen dutela errespetatuz, ekitaldi ez-ofizialak bakarrik egin ahal izango dituzte, eta profesionalak direnez, kirol ikuskizunen baldintza guztiak bete beharko dituzte, erantzukizun zibilean zein fiskalean, eta abar".

Federatu guztiei txapelketak eskaintzeko betebeharra duela adierazita, aurten ere aizkolarien txapelketa antolatuko duela eta hori izango dela ofiziala azpimarratu du federazioak: "Euskal Herriko 2020ko txapelduna izango da egiten den goi mailako txapelketako irabazlea. Hori izango da titulu ofizial bakarra, eta erakundeen aurrean eduki ahal izango duena". Bestalde, gaineratu du aizkolari profesionalek ezin izango dutela ofizial hitza erabili, ezta Kirolaren Euskal Legeak euskal federazioei erreserbatzen dizkien Euskal Herriko izenak eta ikurrak ere.

Federazioak oharra kaleratu du aizkolarien kexak jaso zituenean, horiek bilera batera deitu zituela argituz. Irailaren 9an elkartu zirela esan du, eta han azaldu zuela zer egoera berezi eragin duen COVID-19ak kirol jardueran. Federazioak ulerkortasuna eskatu zien aizkolariei, egunero egokitu beharreko egoera ezezagun baten aurrean zeudelako.

Atzean "erreklamazio ekonomikoa"

Aizkolarien desadostasunen atzean, "erreklamazio ekonomikoa" zegoela nabarmendu du federazioak. "Lehen Mailako aizkolariek etekinen %100 berentzat izatea eskatu zuten, eta galerak gertatuz gero, antolatzailearentzat eta federazioarentzat". Hori jakinda, federazioak aurtengoa amaitzea eta datorren urterako lanean hastea proposatu zuen. Lehen eta Bigarren Mailako aizkolari batzuek, ordea, aukera hori baztertu egin zuten, eta erabaki zuten beren txapelketa propioa egitea eta ekonomikoki kudeatzea. "Federazioak ez du irizpide profesional hori aintzat hartzen, gure diziplinekin eta gure historiarekin amaituko lukeelako. Denok batera egin behar dugu aurrera, gehien sortzen dutenek hasiberriei lagunduta, belaunaldien arteko eta diziplinarteko elkartasunean". 

Federazioa gogorarazi du irabazi asmorik gabeko erakundea dela, eta herri kirolen modalitate eta diziplina guztiak sustatzea duela helburu. "Guk modu altruistan lan egiten dugu diziplina guztiak sustatzeko eta horiek ez hiltzeko. Izan ere, herri kirola kultura da kirola baino gehiago, eta sustraiak mantendu ditu gaur arte. Gure betebeharra hurrengo belaunaldietara pasatzea da, eta guztiak batera egonda soilik lortzen da hori".

2020a "itxaropentsu eta ilusioz beterik" hasi zutela gaineratu du federazioak, "azken urteetako goranzko joerari" jarraitzeko. Pandemiaren agerpenak, ordea, "geldirik" utzi zituen, horrek dakarren "ziurgabetasunarekin". Hala ere, erakunde baten lankidetza eskaintzarekin, kostu txikiagoko lehiaketak antolatzeko gai izan zirela esan du. "Hainbat bilera egin ondoren, Bigarren Mailan eta Lehen Mailan izena emateko epea luzatzea adostu zen. Baina Lehen Mailan ez zen izen ematerik jaso, eta berriz zabaldu genuen izen ematea, urriaren 9ra arte".

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide