Euskal Antzerki Topaketak 2020

Urriaren 29an hasiko dira XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketak

Albizu, Prat, Alkorta eta 'Tonbola'-ko lantaldeko kideak atzo, Euskal Antzerki Topaketen aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

11 ikuskizunekin osatu dute datak aurreratuta eta "indarberrituta eta berrikuntzaz beteta" datorren edizioa. Helduentzako antzezlanak 19:30ean hasiko dira aurten, eta umeentzakoak zapatu arratsaldeetan emango dituzte. Datozen egunetan jarriko dituzte sarrerak salgai.

Urte pandemiko honetan ere, "egoera eta baldintza berezietan", baina hutsik egin gabe iritsiko dira udazkenean Azpeitira Euskal Antzerki Topaketak. Atzo, Tonbola ikuskizunaren amaieran, aurkeztu zuten Azoka Plazan 2020ko edizioa, Topaketen XXXVIII.a.

Urriaren 29tik azaroaren 20ra egingo dituzte aurtengo Antzerki Topaketak; azken data horretan sari banaketa eginda agurtuko da aurtengo edizioa. Udalak 11 ikuskizunekin osatu du datak aurreratuta eta "indarberrituta eta berrikuntzaz beteta" datorren edizioa. Urtero legez, heldu, gazte zein haurrentzako ikuskizunak aukeran izango dira topaketetan, baina ikuskizunen ordutegien eta egutegiaren eskutik etorriko dira aipatutako berrikuntzetako batzuk. "Ordutegiak kulturzaleen ohituretara egokitu" dituztela azpimarratu du Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburuak. Horrela, helduen emanaldiak 19:30ean hasiko dira aurten, 21:30ean hasi beharrean; eta umeentzako ikuskizunak, "hainbat eskari aintzat hartuta", zapatu arratsaldez izango dira aurten, eta ez igande arratsaldez. Antzezlanetarako sarrerak datozen egunetan jarriko dituzte salgai.

Soreasu antzokian taularatuko dituzte antzezlan gehienak, baina "iazko arrakastaren ondotik", Dinamoa sormen guneak ere hartuko ditu emanaldi batzuk. Udalak nabarmendu du "kalitate handiko 11 euskal produkzio" ikusteko aukera izango dela Antzerki Topaketetan, baina horietatik bi nabarmendu nahi izan ditu Albizuk: Bonbom beltz konpainiaren Lanaz eta Xaharretaz, eta Horman Poster konpainiaren Antigone edo ezetzaren beharra; Soreasun ondu ondoren, Soreasun bertan estreinatuko dituzte biak. "Euskal Antzerki Topaketetan anzterkiak taularatzeko plaza bat izan ohi da Azpeitikoa. Hala ere, guk kulturgileei eta antzerkigileei bestelako espazioak eta baliabideak eskaintzeko konpromisoa dugu. Bide horretan, hainbat antzerki konpainiak egonaldiak egiten dituzte Soreasun urtean zehar, sortzen eta esperimentatzen, eta Soreasun sortutako bi antzezlan estreinatuko dira topaketen barruan", nabarmendu du zinegotziak.

Kulturari bultzada

"Euskara eta euskal kultura dira gure asnasgune. Eta bizi dugun egoera honek gogor jo du diziplina hau ere. kolokan daude sortzaileak, ekoizleak, aretoak... Guk udalean hasieratik argi izan dugu, egoerak eskatzen dituen baldintza eta protokolo guztiak beteta, topaketak antolatuko genituela. Kultura sustatzen segituko dugu, kultura segurua egingo dugulako, eta kulturzaleek zein kultur munduko langileek ondoan izango gaituzte", adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Ildo beretik, kulturak Azpeitian duen eredu propioa goraipatu nahi izan du Alkortak, udalaren eta kultur eragileen elkarlanaren garrantzia azpimarratuta: "Udaletxeko kultur langile, Kultur Mahai eta Kulturaz kooperatibarik gabe, ezinezkoa litzateke kalitate honetako egitaraua pentsatzea, osatzea eta prestatzea".

Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakariak ere esker eta babes hitzak izan ditu antzerkigile, kulturgile eta zaleentzat: "Kultur programatzaileek eta kulturgileek osatuta dute beren lana. Egoera zail honetan, herritarrok eman diezaiegun beharrezko babesa eta bete dezagun antzokia".

Kartel lehiaketarik gabeko irudi berritua

Aurtengo Euskal Antzerki Topaketak iragarriko dituen kartela ere aurkeztu dute, gainerako xehetasunekin batera. "Irudi berritua" izango du XXXVIII. edizioak. "Antzerki Topaketen irudiari indarra eman asmoz, Abitaingo iturriaren irudia berreskuratu eta berritu da edizio honetarako. Duela urte askotatik da Soreasuko kultur sormen gunetik metro gutxira dagoen iturri horren irudia antzerki topaketen irudi. Aurtengoan, irudia berritzeaz gain, irudia bera ere ikusgarriagoa egitea da asmoa, erreferentzialtasuna bilatzeko", azaldu du udalak.

Topaketen irudia aukeratzeko udalak urtero antolatzen duen kartel lehiaketarik ezin izan dute egin aurten, koronabirusaren krisialdiak bete-betean eragin du prozesu horren ohiko egutegian ere, eta udala bera arduratu da kartelerako irudiaz. Aurtengoa, ordea, salbuespena izango da, aurrera begira kartel lehiaketarekin jarraitzea baita udalaren asmoa.

Corrado Masacci-ren txotxongiloak, Betharramen

Corrado Masacci-k Betharrameko aretoan jarriko duen txtxongilo erakusketa eta emango dituen tailerrak dira aurten ere Antzerki Topaketen barruan hutsik egingo ez duten besteak.

Azaroaren 1etik 15era, goiz eta arratsaldez egongo da Masacci bere txotxongiloekin Betharramen.

Egitaraua

Hona hemen, XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua:

Urriak 29, osteguna. Matriuska, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagaren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako obra da.

Urriak 30, ostirala. Erlauntza, Vaiven produkzioaken eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Urriak 31, larunbata. Kaskarot, ATX Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Haurrei eta helduei zuzenduriko antzezlana da.

Azaroak 1, igandea. Fadoak entzuten zituen gizona, Xake produkzioaken eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako obra da.

Azaroak 5, osteguna. Urruna, Tripak konpainiaren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako antzezlana da.

Azaroak 6, ostirala. Lanaz eta xaharretaz, Bonbon Beltz taldearen eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 7, zapatua. Ikimilikiliklik, Mari de Jongh Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Haurrei eta helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 12, osteguna. Tribiz, baserri galdue, Jon Ander Urrestiren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako obra da.

Azaroak 13, ostirala. Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster taldearen eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako antzezlana da.

Azaroak 14, larunbata. Pinocchio lana, Gorakada Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Umeei eta helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 15, igandea. Guateke, Eromen produkzioaken eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 20, ostirala. XXXVIII. Antzerki Topaketetako hainbat gune eta momentu gogoratuz, sari banaketa. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide