Egunean Behin

Uztarriaren taldea martxan, gaur hasi den Egunean Behin jokoaren bosgarren denboraldian

Uztarria.eus 2020ko ira. 28a, 10:03

Uztarriak hirugarrenez jarri du taldea martxan, eta herritarrek dagoeneko badute hara batzeko aukera. Denboraldia bukatzean taldeko sailkapenaren buruan denak Ekain sagardo ekologiko kaxa bat irabaziko du. Abenduaren 20an amaituko da Codesyntax enpresak osatu duen hamabi asteko denboraldia.

Gaur, astelehenarekin, hasi da Egunean Behin mugikorrerako jokoaren bosgarren denboraldia, eta Uztarriaren taldea martxan izango da sasoia bukatu bitartean. Hamabi asteko denboraldia prestatu du jokoa garatu duen Codesyntax enpresak, eta ohiko moduan, sailkapen orokorra osatuko dute. Aurreko denboraldiaren logika bera erabiliko dute oraingoan ere: hamabi astetatik jokalari bakoitzaren bost onenak hartuko dituzte kontuan sailkapen orokorra osatzeko.

Uztarriak hirugarrenez jarri du taldea martxan, eta oraingoan ere banatuko du saria parte-hartzaileen artean. Hain zuzen ere, irabazleak Ekain sagardo ekologiko kaxa bat eskuratuko du. Uztarriaren taldean parte hartzeko Egunean Behin aplikazioa deskargatu behar da Google Play edo App Store plataformatik. Aplikazioaren behealdean kokatzen den Taldeak atalean, (+) ikurra zapaldu, giltzaren gainean klik egin eta C6BB98 kodea sartu behar da; erabiltzaileak gisa horretan lortu du UZTARRIA (Azpeitia) izeneko taldera batzea.

Izenak dioen moduan, egunean behin jokatu daiteke sakelako telefonorako egindako aplikazioan. Hamar galdera erantzun behar dituzte erabiltzaileek ahalik eta denbora laburrenean, eta puntuazioaren arabera, astero sariak banatzen dituzte jokoaren sustatzaileek. Izan ere, astekakoa izaten da sailkapena, astelehenetik igandera bitartean lortutako emaitzen araberakoa.

Joan zen denboraldian, laugarrenean, 1.113 lagun aritu ziren lehian Uztarriaren taldean, eta talde horretako denboraldiko jokalaririk onena Goenaga izan zen.