Segurtasun neurriei azpimarra eginez aurkeztu dute III. Euskal Pentatloi Sariaren finala

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 24a, 21:22
Antolatzaileak eta babesleak eserita, aurkezpenean izan diren bost finalistak atzean dituztela: Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Zaldua eta Arria. Gabirondo falta zen. (Mailo OIarzabal)

Zapatuan jokatuko dute, 22:00etan hasita, zezen plazan. Kepa Peñagarikano azpeitiarra lehen txandan ariko da, Iñaki Errazkinekin eta Julen Kañamaresekin batera; bigarrenean lehiatuko dira aurreko bi txapelen jabe Xabier Zaldua, Julen Gabirondo eta Xabier Orbegozo Arria V.a.

Aurreko bi edizioetan bezala, Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute III. Euskal Pentatloi Sariaren finala ere. Etzi izango da, irailaren 26an, 22:00etatik aurrera. Aurreko bi urteetan ez bezala, ordea, kirolariei eta antolatzaileei ez ezik ikusleei zuzenean eragingo dieten neurri zorrotzekin egingo dute finala, koronabirusaren hedapena eragozteko, eta neurri horiek betetzeko eskaera zehatza egin dute  antolatzaileek gaur, finala aurkezteko zezen plazan bertan egin duten prentsaurrekoan. Antolatzaileak, Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburua eta sei finalistetatik bost egon dira aurkezpenean; Julen Kañamaresek ezin izan du Azpeitira etorri.

Aurretik, nola ez, ikuskizunaren protagonista nagusiak eta egin beharko dituzten lanak aurkeztu dituzte. Zezen plazan bertan irailaren 5ean jokatutako finalaurrekoan lortu zituzten marken hurrenkeran, Xabier Zaldua -aurreko bi urteetako irabazlea-, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares dira pentatloiaren aldi berri honetako hirugarren txapelaren bila lehiatuko direnak. Finalaurrekoko denborak kontuan hartuta osatu dituzte, hain zuzen ere, zapatuko ikuskizunaren bi txandak: gaueko lehendabiziko txandan ariko dira Peñagarikano, Errazkin eta Kañamares, fnalaurrekoan laugarren, bosgarren eta seigarren denborak egin zituztenak, hurrenez hurren; eta bigarren eta azken txandan ariko dira Zaldua, Gabirondo eta Arria, finalaurrekoan hiru marka onenak egin zituztenak.

Iazkoan aritu ziren kirolarietatik bik bakarrik errepikatuko dute aurtengo finalean, Zalduak eta Arriak, eta horrek "morbo gehiago" sortzen duela adierazi dute antolatzaileek. Nabarmendu dute, era berean, "urtetik urtera hobeak" direla kanporaketetan kirolariek egiten dituzten denborak, eta "maila pixkanaka gora egiten" dihoala.

100 kiloko bolari 25 jasoaldi ematea; gizon proban, bi plaza osatzea 400 kiloko harriarekin; hiru kanaerdiko moztea; 50na kiloko txingekin lau plaza osatzea; eta korrika hiru kilometro egitea, zezen plazari 30 buelta emanez. Horiek dira, hurrenez hurren, kirolariek zapatu gauean egin beharko dituzten lanak; pentatloiaren aurreko bi finaletan egin behar izan zituzten berberak, sailkapen jardunaldian egin behar izan zutenaren lan bikoitza bost probetan.

Euria iragarri dute zapaturako, eta arrisku horretatik babesteko, harria jasoko duten gunea ikusleen ikusmira oztopatuko ez duen karpa altu batekin estaliko dutela azaldu dute antolatzaileek; aizkoran ariko diren gunea, aldiz, estali gabe utziko dute.

Arauak zorrotz betetzeko eskaera

Gari Etxeberria antolatzaileak xehetu ditu etzi zezen plazara joango diren ikusleek bete beharko dituzten arauak. Batetik, debekatuta egongo da zezen plazara edariak edo janariak sartzea, eta erretzea ere bai. Bestetik, harmailetako marka zurietan bakarrik eseri ahalko dira ikusleak, "eta ezingo dira mugitu saioa amaitu arte, "komunera joateko ez bada". Arau horiek betetzen ez dituenari "abisu bat emango zaio, eta ez badu kasorik egiten, kaleratua izango da", ohartarazi du Etxeberriak; kanporaketan "susto bat izan" zutela esan du, eta ez dute nahi halakorik errepikatzea: "Horri aurre egiteko, uste dut gauzak ondo ez,, oso ondo egin behar ditugula. Bakoitzak geure aldetik pixka bat jartzen baldin badugu lortuko dugu gauzak aurrera eramatea, baina bestela, ezer ez". Maskara ondo jantzita eramatearen garrantzia  azpimarratu nahi izan du, halaber; "ez du balio sudurretik behera edo kokotsean behera edukitzeak", esan du Etxeberriak. Zapaturako iragarrita dagoen eguraldi euritsua dela-eta eskaera bat ere egin die ikusleei: xira edo aterkia eramatea. "Xira bada, nahiago", zehaztu du antolatzaileak. Egoitz Arruti zinegotziak bat egin du antolatzaileekin eta, ikuskizunaz gozatzea opatzearekin batera, "arduraz jokatzeko" eskatu die ikusleei.

Koronabirusa dela-eta hartu beharreko neurriak tarteko, ikusleen edukiera mugatu behar izan dute zezen plazan. Iaz 1.500 sarrera jarri zituzten salgai; herri kirol ikuskizunetan ohiko arautegiearekin sal daitekeen kopururik handiena da hori, pentatloiaren antolatzaileek azaldu dutenez. Aurten, egoera berrira moldatuta, 1.000 sarrera saltzeko aukera zuten, baina kopuru hori gehiago murriztea erabaki dute, ikusleen arteko tarteak ondo gorde ahal izateko. Horrenbestez, azkenean 700 sarrera jarri zituzten salgai, eta hiru egunetan agortu ziren. Sarrerarik gabe gelditu direnak gogoan izan dituzte gaur, penaz. Hala ere, nahi duten guztiek finala zuzenean ikusteko aukera izango dutela gogoratu dute, ETB1en.