Zaldua, Gabirondo, Arria V.a, Peñagarikano, Errazkin eta Kañamares sailkatu dira Pentatloiaren final handira

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 5a, 21:19
Hilaren 26ko final handira sailkatu diren sei kirolariak.

Gaur, zapatua, jokatu dute probaren finalaurrekoa Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita. Edukiera muga dela eta, iaz baino sarrera gutxiago jarri dituzte salgai, baina, hala ere, jende ugari hurbildu da kirol jaialdiaz gozatzera. Sei sailkatuek hilaren 26an jokatuko dute final handia, toki berean.

Baditu finalistak III. Euskal Pentatloi Sariak: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares. Gaur, zapatua, jokatu dute finalaurreko proba Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita, eta eguraldiak lagundu ez badu ere, jende ugari joan da kirol jaialdia bertatik bertara ikustera. Koronabirusa zabaltzea saihesteko beharrezko neurri guztiak hartuta antolatu dute jaialdia. Besteak beste, iaz baino sarrera gutxiago saldu ahal izan dituzte aurten, eta elkarren arteko tartea zainduta eseri behar izan dute ikusleek. Neurri horiek, baina, ez dute eraginik izan zezen plazako giroan, eta gozatua hartu dute hara joan diren herritarrek.

Ehunka ikusleren begiradapean eta animo artean aritu dira nor baino nor finalaurrekoa jokatu duten hamabost kirolariak: Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Beñat Amade algortarra, Ousmane Drame barakaldarra, Iñaki Errazkin tolosarra, Aratz Mugertza mutrikuarra, Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarra, Daniel España segoviarra, Julen Kañamares arostegiarra, Julen Gabirondo urnietarra, Unai Ardeo getxotarra eta Xabier Zaldua zumarragarra —aurreko bi urteetako irabazlea—. Luis Txapartegi aizarnarra ere parte hartzekoa zen berez, baina lesio bat tarteko, ezin izan du. Dena dela, zezen plazan izan da hura ere, Otaegi herrikideari laguntzen.

Parte hartzaileek bosna lan egin behar izan dituzte gaurko finalaurrekoan. Aurrenik, 100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin dizkiote. Ondoren, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin dute. Aizkora izan da egin behar izan duten hirugarren lana: kirolari bakoitzak kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki ditu. Horren ostean, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza egin dituzte, eta, bukatzeko, zezen plazari hamar buelta –kilometro bat– eman dizkiote, lasterka. Lan guztiak amaituta denborarik onena lortu duten sei kirolariek soilik lortu dute hilaren 26ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den final handirako txartela.

Bost txandetan jokatu dute proba. Aurreneko txandan Izeta VI.ak, Zalduak eta Dramek neurtu dituzte indarrak; aise gailendu da Zaldua, txandako bigarrenari, Izeta VI.ari, hiru minutuko aldea aterata. Bigarren txanda Peñagarikañok, Aizperrok eta Zelai V.ak jokatu dute, eta hor ere Peñagarikanok erraz gainditu ditu beste biak. Hirugarren txandan Errazkin, Amade eta Mugertza aritu dira; Errazkinek ia bi minutuko aldea atera dio txanda horretan bigarren egin duen Mugertzari. Laugarrengoan, Arria V.a, España eta Kañamares lehiatu dira; hasieran Kañamares eta Arriak V.a nahiko parean hasi diren arren, errezialdarrak aizkoran aurrea hartu dio lehiakideari, eta minutu pasatxoko aldearekin bukatu ditu lanak. Bosgarren eta azken txandan, berriz, Gabirondo, Otaegi eta Ardeo jardun dira buruz buru. Urnietarrak erakustaldia eman du eta nagusitasunez gailendu zaie beste biei, finalaurreko bigarren denbora onena lortuta. 

Lan guztiak amaitzen azkarrena Zaldua izan da, 12 minutu eta 50 segundoko denbora eginda. Aipatzeko da iaz Joseba Otaegik jarritako 13 minutu eta 29 segunduko denbora aise hobetu duela zumarragarrak, eta arratsaldeko bigarren sailkatuari minututik gorako aldea atera diola. Hain zuzen ere, Gabirondo izan da bigarren sailkatua, 14 minutu eta 4 segundoko denbora lortuta. Haren atzetik sailkatu da Arria V.a, 14 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Peñagarikano sailkatu da laugarren, 14 minutu eta 28 segundoko denbora eginda. Errazkin izan da bosgarren, 14 minutu eta 40 segundorekin. Eta finalerako azken txartela Kañamaresek eskuratu du, lan guztiak 15 minutu eta 40 segundotan bukatuta. 

Finalean, lan bikoitza

Irailaren 26ean, larunbatez, jokatuko da III. Euskal Pentatloi Sariaren finala Azpeitiko zezen plazan. Hitzordu horretan are proba gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek. Izan ere, 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. Jaialdi horretan inguruko xehetasun gehiago datozen egunetan emango dituzte antolatzaileek.

Honako lotura honetan ikus daiteke atzoko pentatloi saioaren irudi bilduma.

Erlazionatuak

Pentatloiaren sailkapen fasea irudietan

Aitziber Arzallus 2020 ira 06 Azpeitia