Azpeitiko oroimenaren webgunea aurkeztu dute udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak

Andoni Elduaien 2020ko ira. 18a, 11:40

Buces ikerlaria eta Alkorta alkatea, Basazabalen egindako aurkezpenean.

Gaur gaurkoz, 777 biktima identifikatu dituzte Azpeitian giza eskubideen urraketengatik. 598 gerra garaitik 1959. urtera bitarteko biktimak dira, eta 179 biktima 1960. urtetik aurrerakoak. Biktima horiek guztiak aurki daitezke udalak eta Aranzadik gaur aurkeztu duten webgunean.

Gaur, ostirala, Azpeitiko oroimenaren gunea aurkeztu dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak, Basazabal jauregian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eman dio hasiera aurkezpenari, eta hark adierazi du "oroimenaren baitan, egia, justizia eta erreparazioa bilatzeko konpromisoaren baitan, beste pauso bat" eman duela Azpeitiak. Alkatearen hitzetan proiektuaren helburua "orain arteko lan guztia bilduko duen ataria" sortzea da. "Herritarek ikus eta kontsulta dezaketen ataria da. Orain arteko ikerketa guztiak liburuetan bildu ditugu udalak eta Aranzadik, epeka, eta herritarren artean historia zabaltzeko ariketa egin dugu", azaldu du Nagore Alkortak. Haren arabera, ordea, historia ez da "gauza geldi bat", aldatzen doa. "Oraindik behar baino gehiago kostatzen zaigu herritarroi gure familietako pasarte gordinenak kontatzea eta azaleratzea. Horregatik doaz gaur egun ere kasuak agertzen, horiek argitzen eta dokumentuak azaltzen", erantsi du alkateak. Azpeitiko Udalak herriaren memoria osatzen joateko "konpromiso osoa" dutela azaldu du alkateak, eta hori horrela, liburuetatik haratago, egunez egun osatu daitekeen webgunea egin dute elkarlanean.

Azpeitiko oroimenaren gunea webgune berrian liburuetako informazioaz eta liburu osoez gain, memoriaren inguruan Azpeitian egindako ekimenak eta testigantzak aurki daitezke. "Oroimen historikoa eta gertuko historia, biak daude bilduta webgune bakar batean, modu intuitibo eta errazean. Historiako pasarteak, testigantzak eta historiaren izen-abizenak aurki daitezke bertan", adierazi du Alkortak hitza Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariari pasa aurretik.

Bucesek, bere aldetik, oroimen historikoa berreskuratzeko Azpeitian Aranzadik eta udalak egindako urratsak azaldu ditu hasteko. 2016. urtean, Azpeitiko gerrari eta lehen frankismoari buruzko liburua kaleratu zuten; bi urte beranduago ikusi zuen argia 1960-2017 urteen artean giza eskubideen urraketei eta beste sufrimenduei buruzko liburuak; iaz, berriz, bigarren frankismoan gertatutakoa jaso zuten hirugarren liburu batean. 

Bucesek adierazi du, senideek eta bizilagunek egindako ekarpenei esker eta dokumentazio berria kontsultatu ondoren, hainbat zuzenketa egin dituztela Azpeitiko oroimenaren gunea webgunera begira. Hori horrela, Azpeitian 777 biktima identifikatu dituzte oraingoz giza eskubideen urraketa desberdinegatik, 598 dira oroimen historikoaren garaikoak –gerra garaitik 1959. urtera arteko biktimak–, eta 179 biktima gertuko oroimenarekin erlazionatutakoak –1960. urtetik aurrerako biktimak–. Biktima ia guztiak, gainera, mila kasurekin daude lotuta Bucesen arabera.

Webgunearen erabilera

Jarraian, Bucesek webgunearen funtzionamenduaren nondik norakoak aurkeztu ditu. Hark azaldu du biktima bakoitza giza eskubideen urraketa batekin edota bestelako sufrimendu batekin daudela lotuta, nahiz eta batzuen kasuak bat baino gehiago diren. 

Gertaera dataren arabera bi garaitan –oroimen historikoa edo gertuko oroimena– sailkatu dute webgunea. Garai bakoitzean, berriz, hainbat atal aurki daitezke: biografiak, testigantzak, historia eta bilaketa. Bi garaietan azken atal horiek guztiak berdinak dira, baina Bucesek gertuko oroimena atalean egin du puntua. Izan ere, gertuko oroimena garaian atentatuak atala dagoela adierazi du, ondasun materialen aurkako atentatuak, zehazki. "Enpresa edo beste erakunde ondasunen aurkako atentatuak bildu ditugu atal horretan", jakinarazi du. Bucesen arabera, 1960. urtetik aurrera Azpeitian jazotako 84 atentatu identifikatu dituzte oraingoz. 

Hala eta guztiz ere, bilaketa orokorra egiteko aukera ere ematen du webgune berriaren hasierako orriak. "Bilaketa orokorrak egin daitezke, badaudelako bi garaietan giza eskubideen urraketak sufritutako pertsonak", azaldu du Aranzadiko ikerlariak. Gainera, Bucesek nabarmendu du beraientzat "garrantzitsua" dela bilatzaile baten bidez herritarrak "biktima bakoitzaren fitxan" sartu ahal izatea. Fitxa horietan biktimek jasandako urraketak zein izan ziren, gertaeren lekua eta zientzia elkartearentzat garrantzitsuena den iturria kontsulta daitezke, besteak beste.

Bestalde, zientzia elkarteak biografia eta testigantza batzuk ere aurkeztu ditu webgunean, baina asmoa aurrera begira "biografia eta bideo gehiago" biltzea dela esan du Bucesek. "Ideia da jasota dauzkagun elkarrizketa guztiak editatzea eta biografia gehiago egitea, webgunea bizirik mantentzeko", nabarmendu du. Era berean, webgunearen harremanak atalaren bidez zientzia elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu du Bucesek, edukiari buruzko zuzenketak egiteko edota informazioa gehitzeko. Proiektua atalean, bestalde, orain arte argitaratutako liburu guztiak digitalizatuta daudela esan du ikerlariak, "deskargatzeko eta online irakurtzeko" pronto.

Bucesek eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari. "Gertatutakoaren ezagutzan eta biktima guztien aitortzan sakontzen jarraitzeko tresna da webgunea; ikerketa zientifiko baten emaitza. Azpeitiko Udalak apustua egin du gertatutakoaren errealitatera modu inpartzialean hurbiltzeko, inolako biktimarik ahaztu gabe, urratutako giza eskubideen arabera sailkatuz informazioa, eta ez biktimarioaren arabera", adierazi du, bukatzeko. 

Iheslarien omenez, kanpaiak

Nagore Alkortak adierazi du aurkezpena gaur egin ezina ez dela "kasualitatea". "Bihar, irailak 19, 84 urte beteko dira tropa frankistak Azpeitira sartu zirenetik. "Gure herriaren historiaren une gogorrenetariko bat izan zen azpeitiar asko eta askorentzat. Urteurren horren baitan aurkeztu nahi izan dugu webgunea", adierazi du alkateak.

Urteurren horren harira, Azpeitiko Udalak "ekintza sinboliko xume" bat egingo du bihar, 15:00etan. Alkorta alkateak adierazi du 1936ko irailaren 19an, 15:00etako Urolako trenean, ehundaka azpeitiarrek egin zutela ihes "tropa frankisten bledurrez", eta une hura oroitzeko, udaletxeko kanpaiek "haien omenez" joko dutela bost minutuz.