Bertan merkatari elkartearen Stock Azoka izango da ostiralean eta zapatuan

Anartz Izagirre 2020ko ira. 9a, 14:00
Stock azokaren iazko irudi bat.

Azpeitiko merkatarien elkarteak adierazi duenez, "orain arteko ediziorik bereziena" izango da aurtengoa, osasun larrialdiak baldintzatuko baitu. Guztira, 37 saltokik parte hartuko dute azokan, eta ostiral arratsaldean nahiz zapatuan egon osoan zehar egongo dira zabalik postuak.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Stock Azoka egingo du Azpeitiko Bertan merkatari elkarteak ostiralean, hilak 11, eta zapatuan, hilak 12. Guztira, 37 saltokik parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta herritarrek denboraldiz kanpoko produktuak prezio baxuagoetan eskuratzeko aukera izango dute ostiral arratsaldean, 16:00etatik 20:30era, zein zapatuan, 10:00etatik 20:00etara. Merkatari elkartearen arabera, ordutegi horien helburuak bezeroen fluxuak denboran zehar zabaltzea nahiz itxarote ilarak saihestea dira.

Stock Azokaren gune nagusia Azoka Plaza izango da, eta honako hamahiru postuak jarriko dituzte bertan: Aitzaki Kirolak, Arku, Bask, Disdira, Gurrutxaga parafarmazia, Jostaldi Kirolak, Kids and Us, Larrañaga Kirolak, Martina Isasti, Mugi, Nerea Eskulanak, Oinkari eta Ubbo. Horrez gain, beste 24 postu egongo dira, saltokiek beren lokalen aurrean jarriko dituztenak: Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arrospide, Azkue, Babesa Moda, Biur, Boers, Bossi, Edurne oinetakoak, Furundarena, Frida, GEU, Ilargi, Inar optika, Iosu optika, Jostaldi Kirolak, Kotoi, Luix Beltza, Mina mertzeria, NKN, Ufito, Zume eta Zuri Beltz.

Bertaneko kideek adierazi dutenez, aurtengoa osasun larrialdiak baldintzatutako azoka izango da, eta osasun eta segurtasun "neurri zorrotzak" ezarriko dituela iragarri du elkarteak. Hori dela eta, Azoka Plazara sartzeko edukiera kontrolatu egingo dute eta gehienezko pertsona kopurua mugatuko dute;  bezeroen eta postuen arteko segurtasun distantzia uneoro mantenduko da Azoka Plazan zein kanpoaldeko postuetan; gel hidroalkoholikoak ezarriko dituzte postuetan, eta ukitutako produktuak desinfektatu egingo dituzte berriro eskuragarri egon daitezen. Horrez gain, bezeroen datuak ere hartuko dituzte, bi arrazoirengatik: batetik, segurtasunagatik erosleak identifikatuta egon daitezen, eta bestetik, 100 euroko hiru bonoren zozketan parte hartu dezaten.

Bestalde, Bertanen maskota berria ezagutzeko aukera izango da bi egun horietan: Berti. Kaletik zehar ibiliko da merkatari elkartearen maskota, azokaren berri emanez. Bertaneko kideen arabera, aurtengo azoka "aukera bikaina" izango da herritarrentzat deskontuak aprobetxatzeko, baita "pandemiagatik kaltetuta" dagoen merkataritza txikiari laguntzeko ere.