Hasi dituzte anbulatorio ondoko zubiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 7a, 12:34
Ekin diote zubiko irisgarritasuna hobetzeko obrei. (Azpeitiko Udala)

Bi fasetan egingo dituzte obrak. Hasi berri duten fasean anbulatorio aldeko zatia berrituko dute. Obrek 97.596 euroko aurrekontua izango dute.

Anbulatorio atzeko zubiaren eta inguruaren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko obrei ekin die Azpeitiko Udalak. Erakundeak azaldu duenez, zubiak duen malda tarteko ez da herritar guztientzako irisgarria: "Anbulatorio ondoan eta autobus geltoki eta hainbat ikastetxetatik gertu dago zubia, eta herritar askorentzat ohiko pasabidea da. Hala ere, bertatik pasatzea ez da guztientzako erraza, malda handia duelako. Hori horrela, faseka zubiaren malda malgutzeko proiektua abiatu du udalak".

Udalak adierazi duenez, inguruaren uholde arriskua dela eta, Urak agentziak ez du zubian aldaketak egiteko baimentik ematen; beraz, oinarria aldatu gabe, "inguruaren urbanizazioa moldatuz", zubiaren malda "leunduko" dute.

Bi fasetan egingo dituzte obrak. Hasi berri duten lehen fasean zubiaren anbulatorio aldeko zatia berrituko dute. Art eraikuntza enpresak egingo ditu aurreneko faseko lanak, eta obrek 97.596 euroko aurrekontua izango dute. 

Lehen fasea bukatzean ekingo diote bigarrengoari. Bigarrengo fasean zubiaren beste aldea berrituko dute; hau da, Matxinada kalera ematen duen aldea. Zubiaren berritze lanez gain, Matxinada kalean ibilgailuen eta oinezkoen mugikortasuna hobetzeko lanak egingo dituztela aurreratu du udalak.