Bihar zabalduko dituzte udal zerbitzu guztiak

Anartz Izagirre 2020ko abu. 26a, 18:00

Kiroldegia, igerilekua, liburutegia, Izarraizko Atea parkeko ur txorroak eta turismo bulegoa zabalik egongo dira bihartik aurrera. Estali gabeko igerilekuaren ordutegia egokitu egin dute, eta hiru orduz egon ahalko da bertan herritar bakoitza.

Hilaren 14an detektatutako agerraldia "kontrolpean" dagoela adierazi du gaur, asteazkena, Nagore Alkorta alkateak. Udalak dioenez, orain artean 3.500 PCR proba inguru egin dira herrian positiboak atzeman eta birusaren katea eteteko, eta azken egunotan nabarmen egin du behera positiboen kopuruak. Gainera, Osasun Sailak "egoera estabilizatuta" dagoela azaldu du. Hori dela eta, bihar, hilak 27, udal zerbitzu guztiak berriro irekiko dituzte; beraz, herritarrek berriro erabili ahal izango dituzte kiroldegia, igerilekua, liburutegia, Izarraizko Atea parkeko ur txorroak eta turismo bulegoa.

Estali gabeko igerilekuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun larrialdia medio ordutegia egokitu egin behar izan dute egungo egoerara; beraz, gehienez hiru orduz egon ahalko da herritar bakoitza bertan, eta 11:00etatik 14:00etara, 14:15etik 17:00etara eta 17:15etik 20:00etara izango dira txandak.

Herrian koronabirus fokua atzeman bezain pronto udal zerbitzuak ixtea erabaki zuen udalak, eta Nagore Alkorta alkateak azaldu du "herritarren osasuna lehenestea" izan zela erabaki horren arrazoia: "Birusaren katea etetea izan da azken egunotako helburu nagusietarikoa. Bide horretan, neurri zorrotzak hartzea egokitu zaigu, baina herritarron osasuna lehenestea zegokigun". Ildo horretatik, Alkortak nabarmendu du erabaki horiek hartzerakoan "oso garrantzitsuak" izan direla osasun langileen aholkuak: "Osasun Sailaren eta anbulatorioko arduradunen aholkuak ezinbestekoak izan dira guretzat, eta haien aholkuak aintzat hartuta hartu ditugu erabakiak".