Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan positibo bakarra atzeman du Osakidetzak Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 23a, 18:45

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 80 bat PCR proba gauzatu zituen atzo Azpeitian, eta horietan kasu positibo bat soilik atzeman du. Abuztuaren 14tik herrian zenbatutako kopuru txikiena da. Nagore Alkorta alkatearen arabera, "positiboa" da kopurua jaistea, baina "zuhurtziaz" hartu behar da, datuek "gora-beherak" izan ditzaketelako egunetik egunera.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak positibo bakarra atzeman du azken orduetan herrian. Hala azaldu du Azpeitiko Udalak oraintsu kaleratutako oharrean. Atzo, zapatua, 80 bat PCR proba egin zituen Osakidetzak Azpeitian, eta gaur beste 60 egin ditu; bihar, berriz, 90 bat gauzatuko dituela aurreikusten du erakundeak.

Joan zen abuztuaren 14az geroztik, COVID-19aren Alde Zaharreko agerraldiari lotuta zenbatu duten positibo kopuru baxuena da atzokoa; izan ere, herenegun, adibidez, bederatzi kasu detektatu zituzten. Azken orduetan positibo bat detektatu badute ere, PCR probak egiten segitzen du Osakidetzak anbulatorioaren ondoan.

"Birusaren katea eteteko elkarlanean jarraitzen dugu Osasun Sailak eta udalak. Probak egiten jarraitzen dute, eta positiboen kopurua jaistea datu positiboa da, baina zuhurtziaz hartu beharrekoa, egunez egun gora-beherak izan daitezkeelako”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Hark azaldu duenez, fokuarekin eta herritarrek bizi duten egoerarekin "oso kezkatuta" jarraitzen du.

Abuztuaren 14az geroztik, itxita dira udal zerbitzuak, hala nola igerilekua, kiroldegia, liburutegia eta turismo bulegoa, eta udalak azaldu duenez, hala segituko dute Osasun Sailak emandako aholkuekin bat eginez.

Bestalde, erakundeak gogorarazi du udala era Gizarte Zerbitzuak lanean ari direla, eta beharra duten herritarrek boluntario sarearen laguntza eska dezaketela jakinarazi du. "Herritarrek laguntza eskatzea, erosketak egitea edo hitz egitea nahi badute deitzeko aukera izango dute". Hain zuzen ere, bi telefono egokituko dituzte: goizez, 08:00etatik 15:00etara Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 telefono zenbakira deitu beharko da; eta 15:00etatik aurrera, Udaltzaingoaren 943-15 13 13 telefonora.