Koronabirusa Azpeitian

Beste bederatzi positibo azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 21a, 12:59

PCR probak Betharramen egiten aritu ziren egun bateko irudia.

Astebete da Alde Zaharreko koronabirus agerraldia atzeman zutela, eta ordutik 120 positibo detektatu ditu Osasun Sailak Azpeitian. Atzo, 150 proba inguru egin zituzten, eta gaur beste 65 bat egingo dituzte. Proba egin duten San Martin egoitzako langile guztiek negatibo eman dute, baita egoiliar denek ere.

Astebete da Alde Zaharreko koronabirus agerraldia atzeman zutela, eta azken orduetan beste bederatzi lagunek eman dute positibo PCR probaren emaitzetan. Guztira, joan zen ostegunetik 120 positibo detektatu ditu Osasun Sailak herrian.

Atzo, 150 proba inguru egin zituzten, eta gaur beste 65 bat egingo dituzte. Betharrametako pilotalekutik anbulatorioaren ondora lekualdatu zuten duela egun batzuk PCR probak egiteko gunea, eta han segitzeko dute probak gauzatzen. Udalak azaldu duenez, fokua kontrolatuta ez badago ere, "lokalizatuta" dago, eta erakundeak jakinarazi du Osasun Sailarekin era koordinatuan jarraitzen dutela lanean, "egoerari buelta emateko".

Atzo goizean jaso zituzten San Martin egoitzako egoiliarrek herenegun egindako PCR proben emaitzak, eta denek negatibo eman zuten. Arratsaldean, berriz, proba egindako langile guztiek ere negatibo eman zutela jakinarazi du udalak: "Egoera guzti honenetan, lasaitasun pixka bat ematen digu COVID-19a San Martin egoitzara ez dela iritsi jakiteak. Protokoloak eta prebentzio neurriak zorrotz betetzeko bertako langile guztiek egiten duten lana eskertzekoa da, eta egiten duten lan guztia eskertu nahi diet”, adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Beste hamalau eskualdean

Osasun Sailak herriz herriko datuak eman ditu dagoeneko, eta azken orduetan, Azpeitiko positiboez gain, beste hamalau detektatu dituzte. Hain zuzen ere, Zarautzen zortzi kasu, Zumaian lau eta Orion nahiz Azkoitian bana.

Hego Euskal Herrian 821 positibo atzeman dituzte. Atzo 9.121 PCR proba gauzatu zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 724 positibo detektatu dituzte –Araban 124, Bizkaian 431, Gipuzkoan 138 eta bizilekua horietatik kanpoan dutenen artean 30–. Nafarroan, berriz, 1.925 PCR egin eta 97 positibo zenbatu dituzte.

Atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta zortzi Nafarroan. Gaur-gaurkoz, 180 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 21 daude ZIUn. Nafarroan, aldiz, zortzi lagun ospitaleratu dituzten atzo; horietatik bi ZIUn. Apirilaz geroztik ospitaleratu gehien atzo izan ziren.