Koronabirusa Azpeitian

Sein burdindegiko langilea da positibo eman duen herritarra, eta saltokia itxi dute prebentzioz

Ihintza Elustondo 2020ko uzt. 17a, 16:07

Koronabirusaren proban positibo eman duen herritarra Sein burdindegiko langilea da, eta prebentzioz, denda itxi dute gaur. Harekin lanean aritu diren bost langileei bihar egingo diete PCR proba. Momentuz, Osakidetzak ez die egunotan hara joan diren bezeroei probarik egiteko eskatu.

Azpeitiko Sein dendan lan egiten du koronabirusaren proban positibo eman duen herritarrak. Hori dela eta, saltokia itxi dute gaur –ostirala–, prebentzioz. Burdindegiko arduradunek azaldu dutenez, uztailaren 9tik 12rako asteburuan Getariako (Gipuzkoa) Politena tabernan izan zen langilea. "Astelehenean eta asteartean, uztailaren 13an eta 14an, lanera etorri zen pertsona hori, eta mostradorean aritu zen lanean. Politenako albistearen berri izatean, langileak astearte gauean deitu zuen osasun zerbitzuetara, PCR proba egiteko ordua hartzeko, eta asteazkenean eta ostegunean, hilaren 15ean eta 16an, ez zen lanera etorri. Asteazkenean egin zioten proba, eta atzo gauean deitu zigun positibo eman zuela esanez".

Positibo eman duen langileaz gain, beste bost pertsona aritu dira lanean Sein dendan egunotan. Horiei bihar egingo diete PCR proba: lauri Zumarragan, eta bati Donostian. Hala eta guztiz ere, hamar eguneko berrogeialdia egin beharko dute bost langileek. "Biharko proban negatibo ematen badugu ere, zazpi egunera berriz egingo digute proba".

Dena dela, Seineko arduradunek ez dute espero beste positiborik izango denik langileen artean. "Oso zorrotzak izan gara neurriak betetzerakoan: maskarak, gelak... erabili ditugu. Pena gehiena emango ligukeena da bezeroren bat kutsatu izana, baina ez dugu espero hori gertatuko denik. Positibo eman duen langilea denbora guztian maskararekin eta pantallarekin aritu da lanean, eta bezero gutxirekin egon da hamabost minutu baino gehiagoz". Hala ere, litekeena da hilaren 13an eta 14an pertsona horrek atenditu zituen pertsonei proba egitea eskatzea Osakidetzak. "Guk datu guztiak helarazi dizkiogu Osakidetzari, baina oraindik ez digu halakorik jakinarazi".

Astelehenean, berriz zabalik

Osasun krisia tarteko, ezohiko moduan ari ziren lanean Sein burdindegian: "Prestatuta geunden horrelako zerbait gertatzen bazen ere". Lantalde erdia etxean egon da, eta beste erdia joan da lanera; horregatik, berehala zabaldu ahal izango dute berriro saltokia. "Lantalde erdia etxean egon da, enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenarekin. Gaur denda guztia desinfektatatu dugu, eta etxean egon diren horiek etorriko dira astelehenean lanera, lanean aritu garen gainontzekoekin batere kontakturik izan gabe. Lanean aritu garenok, berriz, berrogeialdia egin beharko dugu".

Saltokia gaur itxita egon den arren, zerbitzu guztia Arrasateko (Gipuzkoa) biltegitik ari ziren bideratzen, eta beraz, industriak lehen bezala jarraituko du martxan.