Koronabirusa Azpeitian

Getariako fokuarekin lotutako COVID-19 kasu positibo bat atzeman dute Azpeitian

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 17a, 13:43

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Getariako fokuarekin lotuta dago Azpeitiko kasua. Erakundeak adierazi du PCR proban positibo eman duen herritarra "isolatuta" dagoela eta Osasun Saila ingurua aztertzen nahiz probak egiten ari dela. Udalak emandako datuen arabera, aste honetan 250 inguru PCR proba egin dituzte Azpeitiko anbulatorioan. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur eguerdian kaleratutako datuen arabera, koronabirusaz kutsatutako kasu bat baieztatu dute Azpeitian. Azpeitiko Udalak ere kasua baieztatu du. Erakundeak jakinarazi duenez, Getariako fokuarekin lotuta dago Azpeitiko kasua. Udalak adierazi du PCR proban positibo eman duen herritarra "isolatuta" dagoela eta Osasun Saila ingurua aztertzen nahiz probak egiten ari dela.

Udalak emandako datuen arabera, azken egunetan "ohi baino test gehiago" egin dituzte Azpeitiko anbulatorioan. Hain zuzen, aste honetan 250 inguru PCR proba egin dituzte Azpeitian, Zarauzko eta Getariako fokuei lotuta. 

Nagore Alkorta alkateak “ardura eta lasaitasuna” eskatu die herritarrei: “Gaixotasuna gertu dugu, eta ardura eskatzen diegu herritarrei. Udala hasi da hainbat neurri hartzen; bakoitzari geure arduratik eragitea dagokigu gaixotasuna zabaldu ez dadin”. Halaber, prebentzio neurriak hartzearen garrantzia azpimarratu du Alkortak: “Gaurko datuen arabera, azken aste askoren ostean kasu positibo bat dugu herrian. Horrek erakusten du tentuz jokatu behar dugula. Norbera zainduz herritarrak zaintzea dagokigu guztioi, eta herritarrei prebentzio neurriak ondo hartzeko eskatu nahi dizuet”.

Erakundeak azaldu duenez, "gertuko herrietan daude COVID-19aren zenbait foku", hala nola Zarautzen, Tolosan eta Getarian, eta herritarren mugikortasunak COVID-19aren hedapena zabaltzea eragin du: “Fokuak edonon gerta daitezke, eta horrek eragin zuzena izan dezake gure herrian. Denon esku dago azpeitiar guztion osasuna”.  

Neurriak zorroztu ditu udalak

Azpeitiko Udalak hainbat bilera egin ditu herriko tabernariekin eta jatetxeetako arduradunekin, prebentzio neurriak hainbat momentutan errespetatzen ez direla iritzita. Hori dela eta, prebentzio neurri berriak iragarri ditu udalak aste honetan. “Bakoitzari gure arduratik neurriak hartzea dagokigu. Egoera okertzen ari dela ikusita, udala ari da neurriak hartzen eta aurrera begira ere egoerak eskatzen duen heinean hartzen jarraituko du”, adierazi du Azpeitiko alkateak.