'COVID-19aren muinetik, bizi dugun egoera politikoaren analisira' hitzaldia eskainiko du gaur Unai Segurolak Sanagustinen

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 15a, 09:16

Pandemiaz eta testuinguru politikoaz egindako analisiaren nondik norakoak azalduko ditu Segurolak, 18:30ean hasita. Azpeitiarrak aurreratu duenez, gaurko saioan honako gai hauek izango ditu hizpide, besteak beste: "COVID-19aren aspektu mediku orokorrak, izurrite garaietan erabiltzen diren estrategiak eta osasun politikak, Espainian zein beste hainbat herrialdetan hartutako erabakiak eta horien ondorioak nahiz etorkizun hurbileko agertoki posibleak, ikuspegi epidemiologikotik behatuta". 

Unai Segurola azpeitiarrak COVID-19aren muinetik, bizi dugun egoera politikoaren analisira hitzaldia eskainiko du gaur, asteazkena, 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Segurolak Ander Goiatxe medikuarekin batera pandemiaz eta testuinguru politikoaz Arteka aldizkarian argitaratutako lana izango da gaurko hitzaldiaren ardatza.

Martxoan hasi zen Segurola gaia aztertzen, eta handik gutxira izan zuen Goiatxe egiten ari zen lanaren berri: "Martxoan hasi nintzen gaia aztertzen eta martxoaren 18an irakurri nuen Goiatxek idatzitako COVID-19aren hedapenak sortu duen egoeraren inguruko hainbat gako artikulua. Elkarren ikerketen berri izan orduko, esku artean genuen guztia partekatu eta indarrak batu genituen. Analisia langileriaren ekintza politikorako baliagarria izatea zen gure helburua, azkar eta ongi erreakzionatu behar zela jakitun, ahalik eta zorroztasunik handienaz fenomeno berri hau, aktore ezberdinen jokabideak eta bere ondorioak aztertzeko". Segurolak azaldu duenez, gai asko landu zituzten, eta horietako batzuk mamitu zituzten ondoren plazaratutako analisian. "Landutako gaietako batzuk jaso genituen erreportajean, hala nola COVID-19aren aspektu mediku orokorrak, izurrite garaietan erabiltzen diren estrategiak eta osasun politikak, Espainian zein beste hainbat herrialdetan hartu diren erabakiak eta hauen ondorioak eta etorkizun hurbileko agertoki posibleak ikuspegi epidemiologikotik behatuta", azaldu du. Gai horiek eta beste zenbait jorratuko ditu azpeitiarrak gaurko hitzaldian.

Hipotesiak eta aurreikuspenak

Maiatzean argitaratau zuten COVID-19aren muinetik, bizi dugun egoera politikoaren analisira izeneko lana Segurolak eta Goiatxek, eta orduz geroztik gertakari ugari jazo diren arren, analisian mahaigaineratzen dituzten hipotesi nagusiek "bere horretan" jarraitzen dutela pentsatzen du azpeitiarrak: "Erreportajea argitaratu genuenetik bi hilabete pasatu diren arren, eta gaiarekin lotutako informazio eta gertakari zaparrada ikaragarria izan den arren, planteatzen ditugun hipotesi nagusiek bere horretan jarraitzen dutela esatera ausartzen naiz".

Pandemiak gizartean izandako eragina aztertzea "oso garrantzitsua" dela dio Segurolak. Izan ere, azpeitiarraren aburuz, pandemiak bizitzetako arlo guztietan izango du eragina: "Aldiro aipatzen genuen erorialdiaren katalizatzaile gisa jokatzen ari dela izurritea. Gizarte egitura burgesa astintzen ari da, eta gure bizitzetako esparru guztietan izango du eragina, birusarekin kutsatuak izan ala ez. Aste gutxiren buruan askatasun politiko guztiak kendu zaizkigu, oligarkia finantzieroaren diktadura zuzena ezarri da, bigarren mundu gerratik hona ikusi ez den moduko atzeraldi ekonomikoa iritsi da eta guzti honen dimentsio errealak oraindik aurreikusi ezina dirudi. Bitartean, ustezko ezkerrak burgesiarekin itun nazionalak proposatzen dihardu inongo kritikotasunik gabe gobernuen bozgorailu lanak egin eta epe ertainera langileriaren kateak biderkatzen dituen proposamenak luzatuz. Ezinbestekoa dirudi, beraz, langile klaseak iritzi, ekinbide eta antolakuntza propioak lantzea alor guztien bueltan".

Azpeitiko Gaztetxeak antolatu du gaurko hitzaldia, 15. urteurreneko egitarauaren barruan.