Hilabete osoko egitarauarekin dator Azpeitiko Gaztetxearen 15. urteurrena

Gaztetxearen 15. urteurrenaren aurkezpeneko irudia. (Anartz Izagirre)

Osasun eta segurtasun neurriak hartuta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Azpeitiko Gaztetxeko kideek uztail osorako. Hilaren 18an izango da Gaztetxearen 15. urteurreneko ekitaldia, baina urtemuga berezia izanik, hilabete osoan zehar hitzaldiak, ikuskizunak eta bestelako ekitaldiak izango dira.

Azpeitiko Gaztetxearen 15. urteurrenaren barruan, uztailerako egitarau oparoa aurkeztu dute gaur, osteguna, gazte asanbladako kideek. Azken hilabeteetako egoera dela eta, urteurreneko ekitaldiak antolatzerakoan hainbat zailtasun izan dituztela aitortu dute Gaztetxeko kideek, baina "urteurren borobila" izanik, osasun eta segurtasun neurriak hartuta aurrera egin dutela: "Egoera berezian iritsi gara urteurren ospakizunera. Azken hilabetetako salbuespen egoerak eraginda zailtasunak izan ditugu gure jardun politikoa aurrera eramateko, besteak beste, biltzeko eskubidea ukatu digutelako. Gaztetxeko kideok, ordea, egoerak eskatzen duen heldutasunarekin eutsi nahi diogu ikasturte politikoari", azaldu du Eneko Larrañaga Gaztetxeko kideak. Ildo horretatik, uztailerako prestatu duten egitaraua azken hilabeteetan egindako "lanaren fruitua" dela nabarmendu du hark.

Antolatu matxinada horma hauen babesean lelopean antolatu dituzte gazte asanbladako kideek ekitaldiak, eta Gaztetxearen 15. urteurreneko festa uztailaren 18an izango bada ere, hilabete osoan zehar egingo dituzte ekintzak. Izan ere, urtemuga berezia izateaz gain, joan zen apirilean Gaztetxeko kideek ezin izan zuten Gazte Astea ospatu, eta "elkarrekin harremantzeko beharra" zein azken hilabeteetako salbuespen egoera kontuan izanda, egitarau zabalagoa antolatu dute uda honetarako. Hori dela eta, uztailaren 1ean hasi eta uztailaren 29ra bitartean, hainbat ekitaldi antolatu ditu asanbladak. Besteak beste, Gaztetxearen historiaz, musikaz eta politikaz zein COVID-19ak eragin duen egoera politikoaz hausnartzeko hitzaldiak egongo dira. Solasaldiez gain, berriz, bestelako ekitaldiak ere izango dira, magia ikuskizuna eta korto txapelketa, kasu.

Egoerara moldatuta, lanerako prest

Gaztetxeko kideek aurkezpenean azaldu dutenez, ekitaldi publikoak antolatzeko mugek "eragina" izan dute urteurreneko ekitaldien antolaketan ere; eta horrek, ezohiko neurriak hartzera behartu ditu gazte asanbladako kideak. Hori dela eta, ekitaldietan %60ko edukiera baimenduko dute, eta horietan osasun eta segurtasun neurriak betearaziko dituztela azaldu du Irati Agirre Gaztetxeko kideak. Hain zuzen ere, muga horien aurrean "antolakuntzaren beharraren erakusle" izan nahi dutela azpimarratu dute Gaztetxeko kideek.

Hona hemen Gaztetxeko 15. urteurreneko egitaraua, osorik:

Uztailak 1, asteazkena. Gaztetxien historiye hitzaldia, 18:30ean.

Uztailak 3, ostirala. Iago magoaren ikuskizuna, 21:00etan.

Uztailak 8, asteazkena. Aurreko urteetako parodien emanaldia, 21:00etan.

Uztailak 10, ostirala. Korto txapelketa, 21:30ean.

Uztailak 15, asteazkena. COVID-19aren muinetik bizi dugun egoera politikoaren analisira hitzaldia, 18:30ean, Sanagusin kulturgunean.

Uztailak 17, ostirala. X. Erniarraitz txapelketaren finala, 22:00etan.

Uztailak 18, zapatua. Gaztetxearen XV. urteurrena.

Uztailak 20, astelehena. Fanzine tailerra, 18:00etan.

Uztailak 22, asteazkena. Musika eta politika mahai ingurua, 18:30ean.

Uztailak 29, asteazkena. Argazki erakusketa musikatua, plazan, 18:00etan.

Hona hemen Gaztetxeak prentsaurrekoan hartutako irudiekin osatu duen bideoa:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide