Martxan da Azpeitiko oroimen historikoa berreskuratzeko lehen literatura lehiaketa

Ihintza Elustondo 2020ko uzt. 10a, 16:26
Javi Buces eta Nagore Alkorta, literatura lehiaketa aurkezten.

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak sustatu dute egitasmoa, eta honako hau izango da aurkeztu beharreko lanen gaia: emakumeen aurkako errepresioa 36ko Gerran eta Lehen Frankismoan (1936-1945). Lanak kontakizun edo eleberri laburra izan beharko du, eta azaroaren 2a da idatziak aurkezteko azken eguna. Bi maila bereizi dituzte partaideen artean, eta 250 euro eskuratuko ditu haietako bakoitzeko irabazleak. 

Azpeitiko oroimen historikoa berreskuratzeko helburuarekin, literatura lehiaketa berria jarri dute martxan Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak. Berez, egitasmoa lehenago martxan jartzea zen sustatzaileen asmoa, baina alarma egoera dela eta, atzeratu egin behar izan dute haren aurkezpena. Urtearen hasieran, Aranzadik eta udalak hitzarmena sinatu eta egitarau bat aurkeztu zuten. Dena den, azken hilabeteetako egoera dela medio, aurreikusitako ekintzak ezin izan dituzte egin. "Beste epe batzuetan bada ere, egitaraua bete egingo dugula espero dugu", adierazi du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak.

Beraz, nahi baino beranduago bada ere, aurkeztu dute Aranzadiren eta udalaren arteko hitzarmenean jasotako literatura lehiaketa. Bi erakunde horiek oroimen historikoa berreskuratzeko egiten ari diren lanaren emaitza da egitasmoa. "Azpeitian, azken urteetan memoriaren inguruko lan handia egin da. Aranzadirekin elkarlanean, historiari izen-abizenak jarri dizkiogu, baina literatura lehiaketa honen bidez, memoriaren dibulgazioa beste modu batera egitea nahi dugu: herritarrak idazten jarri nahi ditugu", azaldu du Alkortak. Azpeitiarrak memoria historikoa berreskuratzeko lan horretan "partaide" bilakatzea lortu nahi dute horrela, jada eginda dauden ikerketetatik abiatuta.

Orain arte lau liburu argitaratu dituzte udalak eta Aranzadik, eta hainbat istorio daude lan horietan jasota, 1936tik gaur egunera arte gertatu diren giza eskubideen urraketen ingurukoak. "Liburuetan indarkeriaren eta errepresioaren inguruko askotariko istorioak daude; istorio horiek ikerketa kasu gisa tratatu ditugu, eta beraz, modu hotz samarrean. Orain beste pauso bat eman nahi dugu, eta historia beste forma batean idaztea dagokie herritarrei. Horrela lortu nahi dugu oroimen historikoa berreskuratzeko parte aktiboa izatea herritarrak", esan du Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak.

Ikerketa horiek oinarri hartuta, gai bat jarri diote literatura lehiaketaren lehen edizioari: emakumeen aurkako errepresioa 36ko Gerran eta Lehen Frankismoan (1936-1945). Aukeratutako gaia zein den kontuan hartuta, lehiaketan parte hartu nahi dutenek bi argitalpen baliatu beharko dituzte erreferentzia gisa: Azpeitia 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo Garaian eta Eusko Gudarostea. Eusko abertzaleak, armak eskuan, Espainiako militarren altxamenduaren aurka. Azpeitia, 1936.

Lehiaketaren oinarriak

Kontakizun edo eleberri laburrak aurkeztu beharko dira lehiaketara –prosa edo komikia–, eta 10 eta 25 orrialde bitarteko luzera izan beharko dute. Aipatutako liburuetan jasotako gertakizun batean edo gehiagotan oinarrituta egon daitezke idatziak, baita pertsona batean edo gehiagotan ere. Era berean, fikziozko lanak ere aurkez daitezke lehiaketara, betiere proposatutako gaiari heltzen badiote.

Bi maila bereiziko dituzte lehiaketan: lehena, 16 eta 30 urte arteko pertsonena (biak barne, baita 2020an 16  urte beteko dituztenak ere) izango da, eta bigarrena, 30 urtetik gorakoena. Lanak euskaraz idatzi  beharko dira, eta lehiaketan parte hartzeko ez dago azpeitiarra izan beharrik. Kontakizunek tarte bikoitzarekin mekanografiatuta egon beharko dute, eta 12 puntuko Arial, Times New Roman edo Calibri letra tipoa erabilita idatzi beharko dira, DIN A4 neurriko dokumentuan eta alde bakarretik.

Lanak entregatzeko azken eguna azaroaren 2a –astelehena– izango da, eta nahitaez, hiru kopia eraman beharko dira, formatu digitalean nahiz paperean. Idatziak posta arruntez bidali ahal izango dira Aranzadi zientzia elkartera edo zuzenean entregatu ahalko dira Aranzadiren bulegoan (Zorroagagaina, 11; 20013 Donostia) edo Azpeitiko udaletxean (Plaza Nagusia, 5; 20730 Azpeitia). Horrez gain, memoria@aranzadi.eus helbide elektronikora ere bidali ahal izango dira lanak.

Epaimahaia Aranzadi zientzia elkarteko kide batek, Azpeitiko Udaleko Kultura Saileko teknikari batek eta euskal idazle ezagun batek osatuko dute. Epaimahaiaren ustez gutxieneko kalitate maila betetzen duen lanik ez badago, saria eman gabe geldi daiteke. Maila bakoitzeko idazlan onenaren egileak 250 euroko saria eskuratuko du. 2021eko lehen hiruhilekoan argitaratuko dira lan irabazleak, eta argitalpenaren ehun ale inprimatuko dira.

Lotura honetan ikus daitezke lehiaketaren oinarriak.