Oroimen historikoa zabaltzeko hainbat egitasmo egingo dute Aranzadik eta udalak

Oroimen historikoa biltzeko orain arte egindako lana aintzat hartuta, dibulgazio faseari ekingo diote Aranzadik eta udalak. Hitzarmena sinatu dute bi erakundeek, eta urtean zehar, literatura lehiaketa, oroimenari lotutako webgunearen aurkezpena, Azpeitiko Memoriaren Eguna eta oroimenari buruzko jardunaldiak egingo dituzte. Egian, justizian eta erreparazioan eragitea da udalaren helburua.

Aranzadi zientzia elkarteak eta Azpeitiko Udalak datozen lau urteetarako hitzarmena sinatu dute. Oroimenaren eta bizikidetzaren aldeko konpromisoa berretsi nahi izan du udalak elkarlanerako akordioa erdietsita; izan ere, egian, justizian eta erreparazioan eragitea du helburu erakundeak. Hala adierazi du Nagore Alkorta alkateak, azken urteetan egindako lana gogora ekarrita: "Oroimena eta bizikidetza eraikitzeko oinarria da ikerketa lana, eta hortik abiatuta zehaztu ditugu datozen urteotako lan ildoak".

Beste urrats bat emateko eta jasotako ezagutza guztia zabaltzen hasteko unea dela uste dute hitzarmena egin duten bi erakundeek, "fase berri bat" hastekoa, Javi Buces Aranzadiko kidearen arabera. Besteak beste, gazteei zuzendutako literatur lehiaketa, memoriaren webgunearen aurkezpena, Azpeitiko Memoriaren Eguna eta memoria historikoari buruzko jardunaldiak egingo dituzte urtean zehar. "Gertatutakoa jakinarazi nahi diegu herritarrei, eta bide horretan helburu bikoitza dugu: memoria historikoa sustatu, bizikidetza sendotzeko funtsezko elementu gisa. Horrez gain, herritarrak oroimen kolektibo horren eraikuntzan bidelagun izatea eta urraketak jasan dituztenen mina arintzeko moduak bilatzea ere nahi dugu", azaldu du Alkortak.

Martxoaren 31n azalduko dituzte lehiaketaren nondik norakoak, baina aurreratu dutenez, gazteek historia ikerketaz haratagoko formatu eta erregistro batean idaztea nahi dute. Ekainaren 10ean, berriz, osatzen ari diren Azpeitiko oroimenaren webgunea aurkeztuko dute. Azpeitiaoroimena.eus izango da atariaren izena, eta Aranzadik gauzatu dituen ikerketetan jasotako informazioa eskuragai izango da. Gainera, herritarrek ikertzaileei kontsultak egiteko aukera ere izango dute. Bestalde, irailaren 19a Azpeitiko Memoriaren Egun izendatu du udalak, eta ekitaldi bat egingo du aurrerantzean; izan ere, tropa faxistak egun horretan sartu ziren herrira. Azkenik, azaroaren 10ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Memoriaren Eguna dela eta, memoria historikoaren inguruko jardunaldiak antolatuko ditu udalak. Horretarako, EHUko Giza Eskubideen Katedraren laguntza izango du erakundeak.

 

 

2013an hasitako bidea

2013an hasi ziren udala eta Aranzadi oroimenaren inguruko lanak egiten, eta Alkortak jakinarazi duenez, urte "emankorrak eta lan handikoak" izan dira igaro direnak. "Giza eskubide urraketa batzuk ikertzera beranduegi heldu gara; 36ko gerra izan zenetik 80 urte baino gehiago pasatu dira eta giza eskubide urraketak jasan zituztenetako asko jada ez daude gure artean". Hala ere, "ausardiaz" jokatu eta ikerketa hastea erabaki zutela azaldu du Azpeitiko alkateak; izan ere, haren ustez, etorkizuna eraikitzeko "ezinbestekoa" da iraganeko egia jakitea".

Azken urteetan 36ko gerratik gaur egunera arteko giza eskubideen urraketen inguruko ikerketak egin ditu Aranzadik, beti ere, giza eskubide unibertsalen parametroen barruan. Hain zuzen ere, lau liburu kaleratu dituzte 2016tik hona: 36ko gerra eta frankismoaren artekoa; Eusko Gudarostearena; 1960tik 2017ra arteko eskubide urraketa ororena; eta frankismo garaiko eskubide urraketena. Alkortak jakinarazi duenez, memoria lan osoa egin duen "lehen herria" izan da Azpeitia. "Giza eskubide urraketa guztiei izen-abizenak jartzeko ariketa egin dugun lehenak izan gara. Lehenak izatea ez da inoiz gure asmoa izan, baina hartutako konpromisoak eta etengabeko lanak eman gaitu horretara", zehaztu du.

Oroimenaren irudia

36ko gerratik gaur egunera arteko ikerketetan jasotako informazioaren zabalkundean eragiteko, Azpeitiko oroimenaren irudia sortu dute. Hain zuzen ere, memoria berreskuratzeko egiten den lan guztia irudi horrekin identifikatzea nahi dutela adierazi du Bucesek. Hiru ideia nagusi jasotzen ditu irudiak: denen ekarpenarekin eraikia; ezberdinen edo kontrakoen osagarritasuna –zuria/beltza eta triangelu/zirkulu); eta kolektiboaren artean eraikitako gunean babesa aurkitzen duten norbanakoak. "Hiru ideia horiek funtsezkoak izan dira egindako ikerketa guztietan", azpimarratu du Bucesek.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide