Galtzaileen duintasuna goratu dute Eusko Gudarostearen 80. urteurrenean

Uztarria.eus | Politika
2016ko uzt. 22a, 22:48

Eusko Gudarostearen eraketaren 80. urteurrena ospatu dute gaur, ostirala, Loiolan, EAJk, EAE-ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak 1936ko altxamendu faxistari aurre egiteko gudarostea sortu zuten tokian. Arrupe Hotelaren aurreko zelaian egin asmo zuten ekitaldia hoteleko arkupera eraman dute, eguraldiagatik. Azkenean, egun euritsua agurtzeko irten eta arkupean zeharka jotzen zuen eguzkiak ere hartu du bere lekua ekitaldian. Baina Arrupen beste argi batzuk izan dira nagusi: Eusko Gudarostean borrokatuz hildakoenak, haien senide eta ordezkarien hitzekin eta bakoitzaren oroimenez piztutako kandelekin.

Jose Joaquin Egaña, izen bereko EAJko Azkoitiko gudariaren iloba; Nuria Alberdi, Mikel Alberdi Jagi-jagiko tolosarraren biloba; ELA sindikatuko Amagoia Unanue, Floren Zubiaur ELA-STVko gudariaren ordezkari gisa; Estitxu Elduaien, ekitaldian egoterik izan ez duen Jose Arana Irastorza EAE-ANVko kidearen iloba Jose Aranaren gutuna irakurriz; eta Arantxa Saseta, Eusko Gudarostearen buruetakoa izan zen Kandido Sasetaren iloba, izan dira omenduen izenean hitza hartu dutenak. Eusko Gudarostearekin borrokatuz hil eta urte luzez ahanzturan gelditutako gudari gazte haien soslaiak aurkeztu dituzte, haien izaera, nahiak, grinak eta ibilbidea goratuz, haien memoria berreskuratuz. Ondoren, bakoitzak kandela bat piztu du. Hizlarietako inork ez zituen bere senideak edo ordezkatuak ezagutu baina, historia ofizialak orain arte ez bezala, familiek haien oroimena ondo gordeta dutela erakutsi dute.

Herriko musikariek eta bertsolariek ere hartu dute parte Eusko Gudarostearen omenezko ekitaldian. Hitzaldien tartean, lehenbizi Jon Gurrutxagak gudara joatea erabaki zuten gazte haien larrutik kantatutako bertso sorta eskaini du, Eneko Arbeo trikitilariak lagunduta; bigarren tartean, Olatz Prat abeslariak Ken Zazpiren Zapalduen olerkia kantatu du, Josu Garatek gitarrarekin lagunduta.

Hildako gudarien memoria berreskuratuta, gaurko ekitaldiaren antolatzaileei iritsi zaie hitza hartzeko unea. Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean Javi Buces historialaria mintzatu da, eta Azpeitiko Udalarenean Eneko Etxeberria alkatea. Galtzaileen duintasuna goraipatu dute biek. Ciriaco Agirre eta Joxe Antonio Oiarzabal, 1936an Azpeitiko alkate izan zirenak, eta bere bi aitonak ekarri ditu gogora hasieran Etxeberriak, "alkate abertzalea eta bi gudarien biloba" izanda gaurko ekitaldiak eta Eusko Gudarostearen memoria berreskuratzeak berarentzat duen garrantzia azpimarratzeko. 1936an "Euskal Herriaren kausa defendatzeko" elkartu ziren haien adibidea da, Azpeitiko alkatearentzat, etorkizunerako jarraibidea: "Batu gaitezen, batu ditzagun indarrak, bestela ez dugu ezer lortuko. Eta horregatik izango gara epaituak etorkizunean. Hori da sasetatarrei, egañatarrei, zubiaurtarrei, alberditarrei eta beste guztiei egin diezaiekegun omenaldi bakarra. Gure herriaren askatasunarekin dugun konpromisoa aurrera eramatea".

Haritza, oroitarria eta ikurriña

Hitzaldiak bukatuta, basilika atariko zelaira irten dira ekitaldian protagonista izan direnak eta gonbidatu guztiak. Arrupe Hotelaren aurreko zelai horretan, gudarien senideek lagunduta, haritz bat landatu dute, eta Kandido Sasetaren ilobak gaurtik aurrera Loiolan Eusko Gudarostea gogoratuko duen oroitarria desestali du; gudarostearen sorrera data eta Llui Llach-en Itaca abestiaren esaldi hau jarri dituzte oroitarrian: "Bidai on, herriari leial izan diren gudariei". Oroitarritik eta haritzetik gertu jarritako masta luzean ikurriña igo dute ekitaldia agurtzeko, han elkartutakoek Eusko gudariak abesten zuten bitartean.

Gonbidatu eta herritar ugari elkartu da gaur Loiolan; guztiak ez dira kabitu Arrupeko aterpean eta kanpotik jarraitu dute ekitaldia hainbat lagunek. Gudarien senitartekoena ez ezik, ordezkaritza politikoa ere zabala izan da. Azpeitiko eta eskualdeko EH Bildu eta EAJko alkate, zinegotzi eta kide asko batu dira ekitaldira. Ikusmin handiena piztu duena, berriz, Arnaldo Otegi izan da, EH Bilduren lehendakarigaia.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu