Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegiko eraikinaren sarrera irisgarri bilakatzeko lehiaketa publikoa jarri dute martxan

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 6a, 12:41
Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinaren sarrera.

Perdillegi kaleko 2. zenbakian kokatuta dagoen ikastetxearen sarrera egokituko dute. Gainera, eraikinaren sarreran estalpe bat egingo dute, ikasleek autobusaren zain aterpean egoteko aukera izan dezaten. Enpresek uztailaren 13ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proiektuen proposamenak.

Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinaren irigarritasuna hobetzeko lanen lehiaketa publikoa martxan jarri du Azpeitiko Udalak. Perdillegi kaleko 2. zenbakian kokatuta dagoen ikastetxearen sarrera egokituko dute; izan ere, 6 eta 12 urteko ikasleek ikasten dute eraikin horretan, eta irisgarritasuna ez dago bermatuta gaur egun.

Lan horiekin gaur egungo sarrera nagusian dauden eskailerak eraitsi egingo dituzte, eta gunea egokitu egingo dute. Hain zuzen ere, hiru aukera izango dira ikastolako jolastokira sartzeko: bi oinezkoentzat izango dira eta bat ibilgailuentzat. Oinezkoentzat eskailera eta arranpa egingo dituzte. Horrez gain, eraikinaren sarreran estalpe bat egingo dute, ikasleek autobusaren zain aterpean egoteko aukera izan dezaten.

Ikastolak eta udalak adostuta dute lan horiek egitea. Obrek 80.428,24 euroko aurrekontua izango dute, eta enpresek uztailaren 13ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proiektuen proposamenak.