Webgune berritua ere, martxan

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 3a, 19:28

Aldizkari eta webgune berriak kaleratu ditu Uztarria Azpeitiko herri hedabideak. Hain zuzen ere, aldaketak egiteko, moldatzeko nahiz berritzeko ordua iritsi zaie Uztarriaren bi produktu nagusiei. Hilabeteetako lanaren ostean, itxuraldatuta eta garaira egokituta dira bai aldizkaria, bai webgunea.

2019ko ekainetik Urolako Komunikazio Taldea (UKT) irabazi asmorik gabeko kooperatibako kide da Uztarria. Urola Erdiko eta Urola Kostako euskarazko hedabideak egitura bakarrean antolatu gara, indarrak batu eta gure komunitateei ahalik eta informazio eta komunikazio zerbitzu onena euskaraz eskaintzeko. Kooperatibako kide dira Karkara (Orio-Aia), Baleike (Zumaia), Uztarria (Azpeitia), Maxixatzen (Azkoitia), Urola Kostako Hitza (eskualde osoa) eta Erlo Telebista (eskualde osoa), eta komunikazio talde multimedia sortzeak emandako indarrak ahalbidetu du Uztarriaren bi produktuak berritzea.

Webgunea, erabilerrazagoa

Webguneak ere beste aro batera egin du jauzi gaur, astelehena. Uztarria.eus berritua martxan da dagoeneko. Euskal Herriko euskarazko tokiko hedabide gehientsuenen gisan, Tokikomek sortutako plataformara batuko da Azpeitiko ataria ere. Gainera, kazetariek izen-abizenez sinatuko dituzte albisteak aurrerantzean.

Uztarria.eus-en azken aldaketa nagusia 2012an egin zuen hedabideak, eta orduz geroztik berritzen eta egokitzen joan bada ere, iritsi zaio erabateko itxuraldaketa egiteko garaia. Tresna da aldatuko dena, ez besterik. Zergatik? Gaur egun sarean diren joerei erantzun ahal izateko eta irakurleei ahalik eta baliabide egokienak eskaintzeko, betiko helburu berberarekin: herriko kontuen berri euskara hutsean ematea, zuzentasunez eta zehaztasunez.

2002an sortutako ataria da Uztarria.eus, eta ikaragarria izan da urtez urte izan duen bilakaera. Bisita kopurua urtero ari dira gora egiten, eta urtea hasi zenetik joera berretsi egin da. Izan ere, iazko datuekin alderatuta, %51 hazi da bisita kopurua. Bide horretan segitu nahi du herri hedabideak, herritarren bozgorailu eta informazio iturri izanez.

Aldizkaria, kalean

Aldizkariaren 229. zenbakia da uztailekoa, eta joan zen ostiralean hasi zen Uztarria aleak bazkideen etxeetara banatzen. Diseinu berritzailea ardatz hartuta, hainbat egokitzapen egin du Uztarriaren lantaldeak, eta horietan nagusienak aldizkariaren tamaina eta orri kopurua dira. Aldizkariaren formatua berezia da, garai berrietara egokitutakoa, eramanerrazagoa eta erakargarriagoa, eta gainera, zortzi orrialde gehiago izango ditu: 48.

Uztarriak badu urtez urte handitzen eta zabaltzen joan den altxor bat: herritarren kolaborazio sarea. Iritzigile, kolaboratzaile, ilustratzaile… ugarik idatzi eta marraztu izan dute 1998ko azaroan aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zenetik, eta berritutako aldizkarirako sare hori osatu eta berritu egin du Uztarriak. Gainera, aldizkari zaharreko hainbat atal kendu eta beste hainbat berri sortu ditu lantaldeak ilusioz, herritarrei produktu berritu bat eskaintzeko xedez. Mamia ez da aldatuko, hilero etxeetara iritsiko den aldizkarian askotariko edukiak lantzen segituko baitu Uztarriak.

Elkarren beharra dugu, zure sostengua behar dugu!