Hitza hamaika ertzetatik lantzen

Hitzaren Eskolako saio bat. (Kulturaz)

Gipuzkoako Hitza egunkariaren gaurko zenbakian tartea egin diote Kulturaz kooperatibak eta Kultur Mahaiak antolatutako Hitzaren Eskola egitasmoari, erreportaje honekin.

Zabalik da Hitzaren Eskolan izena emateko epea. Azpeitiko Kulturaz kooperatibak eta Kultur Mahaiak antolatutako egitasmoa da, Azpeitiko Dinamoa sormen gunea du kokaleku, eta hitzaren eremuko proiektua da, "proiektu ardatza", Aitor Bengoetxea kooperatibako kidearen hitzetan. "Gure asmoa da hitzaren alderdiak modu poliedrikoan lantzea, hitza ertz desberdinetatik lantzea". Izan ere, kulturan, nork bere adierazpidea aukeratzen duen arren, eta horren teknikak menderatu behar dituen arren, "beste adierazpide ugaritatik" edan behar izaten da, "eta, zenbat eta gehiago edan besteetatik, orduan eta aberatsagoa izan ohi da norberaren lana". Horretarako, hitzaren bueltan aritzen diren idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak eramango dituzte eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, osotasun baten bila: "Belaunaldi berriak hitzaren jabe egitea da helburua, hitza har dezaten bidea jartzea".

COVID-19ak eragindako ezohiko egoera dela eta, lehendabiziko ikasturtea ez dute pentsatu bezala bukatzeko aukerarik izan. "Martxoan egitekoak ginen saio batzuk airean gelditu zaizkigu, baina, ondo bidean, datozen asteetan egingo ditugu, eta horrela bukatuko dugu ikasturtea", azaldu du Bengoetxeak. Dena dela, dagoeneko bigarren ikasturtera begira jarrita daude antolatzaileak. Lehendabizikoak izan duen formatu bera izango du bigarrenak ere. "Ez da bi arratsaldeko ikastaro bat izango; esperientzia nahiko luzea eta trinkoa izango da, bide bat egiteko, hausnartzeko, elkar ezagutzeko eta lan egiteko aukera emango duen jardun bat". Egoerak modua ematen badu, irailean hasi eta martxoan bukatuko dituzte saioak, eta astean bost ordu egingo dituzte, bi zatitan banatuta: asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara. Hilean behin ekitaldi ireki bat egingo dute, gainera.

Bi ikasturteek formatu bera izango dute, bai, baina eduki aldetik guztiz desberdinak izango dira, irakasleak ere desberdinak izango direlako. Gorka Arrese, Harkaitz Cano, Miren Gaztañaga, Irene Arrarats, Igor Elortza eta Lorea Agirre izan dira lehendabiziko urteko irakasleak, eta Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe izango dira bigarrenekoak. Irakasle bakoitzaren ardura izango da eskolak antolatzea, eta lan hori egiteko "askatasun guztia" izango dutela nabarmendu du Bengoetxeak. "Aurrez ez dugu jakiten bakoitzak bere saioetan zer lantzeko asmoa duen, eta, gainera, askotan asmoak aldatzen eta egokitzen joan dira taldearen dinamikara eta momentuak eskatzen zuen horretara".

(Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide